"Oso ondo" joan da ekainaren 28aren harira Txirrimorraskik antolatutako eguna
Eguneean aurrera eramandako ekimenen artean bi nabarmendu dituzte Txirrimorraskitik: eskaileren margoketa eta mahaingurua. Biak ala biak "oso ondo" joan zirela azpimarratu dute.

LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunaren harira, egun guztiko egitaraua antolatu zuten domekarako Txirrimorraski ODLT-ko kideek Ondarroan: “Egunaren balorazio positiboa egiten dugu; oso ondo joan zen”.
Alamedako eskailerak LGTBI banderaren koloreekin margotzea izan zen eguneko ekintza nagusia. Hala ere, eguerdian, Kolektiboen arteko hausnarketak mahaingurun elkartu ziren. Bete egin zen Txirrimorraskiko lokala. Elkar entzuteko espazioa sortu zuten, saretzeak daukan garrantzian sakonduz: “Ekintza printzipala eskaileran margotzea izan zen arren, mahaingurua oso ondo atera zela azpimarratu nahi dugu. Mamarratxosnako eta Lea-Artibai eta Mutrikuko Desbiauak taldeko kideek parte hartu zuten mahainguruan eta lokala beteta ikustea polita izan zen. Elkar entzuteko espazioa sortu genuen, eta kolektiboan saretzeak daukan garrantzia argi gelditu zen”. Gainontzeko ekitaldien izandako erantzunagaz ere pozik daude: “Eskailerak oso politak gelditu ziren, eta umeak ere gustura ibili ziren. Domeka izan arren, giro ederra sortu zen Alamedan. Izan ere, txoko desberdinak jarri genituen, eta guztiak bete ziren. Kontzertua ere oso polita izan zen, eta gehiago entzuteko gogoarekin gelditu ginen”.