66 auto hartuko ditu XVII. San Migel Rallysprintak
Zapatuan [ekainak 28] lehiatuko den rallysprintean 31 emakumek eman dute izena: 5 pilotuak izango dira eta 26, berriz, kopilotuak. Lea-Artibaiko hiru emakumek debuta egingo dute rallyan.

Zortzi urteko geldialdiaren ostean, iaz San Miguel Rallysprinta berreskuratu zuen EME automobilismo kirol klubak. Emakumez osatutako klub aitzindari eta bakarra da EME, eta eskuderiatik estreinaldiaren balorazio positiboa egin dute, Etxebarriako Kastinparro Racing-en laguntza eskertuz: “Lana erraztu ziguten, eta aurreikuspen guztiak gainditu ziren, oso ondo joan zen: jendearen erantzuna, parte hartzaileak… errekorrak gainditu genituen, eta oso pozik geratu ginen”. Iaz hasitako bideari jarraipena emateko ilusioz, XVII. San Miguel Rallysprinta antolatu dute zapaturako [ekainak 28], eta, iragarri dutenez, 66 auto igaroko dira rallyspinteko hasiera lerrotik eta 31 emakumek parte hartuko dute.
Aurten rallysprinta antolatzea “errazagoa” izan da: “Iaz egin genuen lanik potoloena, lasterketa bat antolatzea zer zen jakin gabe sartu ginelako mundu horretan; aurten, eskarmentu txiki horregaz, hobeto ibili gara”. Hala, “berrikuntza txikiak” izango dituen lasterketa atondu dute, hala nola, goizeko ekintza Etxebarrian egin beharrean, Elgoibarren egingo dute. Izena eman duten 66 autoek 09:45etik 12:30ak bitartean egiaztapen administratibo eta teknikoak pasatu beharko dituzte; gero, irteera hartzeko baimenduta dauden ibilgailuak Kalegoen Plazan elkartuko dira. Autoak 13:30ean aterako dira parke itxitik Etxebarrirantz: erlojupeko ibilbidea Etxebarritik abiatuko da, eta Elgoibarren izango du helmuga; parte hartzaileek hiru aldiz errepikatuko dute ibilbidea.
Lehen autoa 15:00etan irtengo da; bigarren itzuliaren hasiera 16:53rako aurreikusi dute; hirugarren eta azken itzulia, berriz, 18:46 ingururako. Lanak bukatuta, autoak Etxebarriko Altzibar kalean elkartuko dira, Latuna txarangaren erritmora, emaitza ofizialei itxaroteko. Sari banaketa 20:30etan egingo dute, udaletxean.

Argazkia: EME automobilismo kirol kluba
Iaz egin bezala, aurten ere, segurtasuna sendotzeko asmoz, GPS gailua eraman beharko du auto bakoitzak, lasterketako zuzendaritzak parte hartzaile bakoitzaren egoera eta kokapena uneoro kontrolpean izateko.
Bost emakumeren debuta. Zapatuko rallysprinterako izen ematea zarratuta dago; 66 dira izena emandakoak. Antolatzaileak “pozik” daude, beste urte batez errekorra gainditu dutelako: 31 emakumezkok eman dute izena —iaz 30 izan ziren—: “Errekor berria da; egia da pilotuak bost izango direla, eta iaz ere bost izan zirela, baina bi debut egongo dira, bi neskak lehenengoz parte hartuko dute pilotu moduan”. EME eskuderiako kide Oihane Uranga markina-xemeindarra eta Ane Zapirain astigartarra izango dira debuta egingo duten emakumeak. Kopilotu lanetan arituko diren 26 emakumeen artean ere hiruk egingo dute debuta: Nuria Sebrango eta Ane Arizmendiarrieta markina-xemeindarrak eta Olatz Betanzos muxikarrak. “Eskualdeko bi kopilotuk eta pilotu batek debuta egitea berezia da. Gure asmoa da bai eskualdean, bai automobilismoan ikusgarritasuna izan eta gero eta gehiago izatea, eta apurka-apurka bagabiltza hori lortzen. Pozarren gaude: helburuak betetzen ikustea guretzat izugarria da”.
Hala, rallysprinta ikustera joan gura dutenek “edozein momentutan” bertaratu ahal izango dira tartera, baina auto eta bestelako ibilgailuentzat errepidea itxi egingo dute, 13:30ak aldera. Antolakuntzatik lasterketa ikustera sartzeko 10 euro ordaindu beharko direla gogoratu dute: “Diru hori datorren urteko lasterketa antolatzeko da”. Halaber, seguratasun arauak betetzearen garrantzia nabarmendu dute, ibilbidean zehar sakabanatuta egongo diren boluntario, taldekide zein antolakuntza eta segurtasun autoetatik emango dituzten oharrei kasu egiteko eskatuz. Ikusleei debekatutako espazioetatik urrun kokatu eta “egun eder batez” gozatzeko deia luzatu diete.