Palestinari buruzko hitzaldia egongo da Aulestin, barikuan
Taher Ali palestinar militanteak emango du hitzaldia barikuan [ekainak 27], 18:00etan, Udaletxeko aretoan.
Aulesti-Palestina taldeak Palestinari buruzko hitzaldia antolatu du barikurako [ekainak 27], Zer ari da gertatzen Palestinan? izenburupean. Aulestiko udaletxeko aretoan izango da hitzordua, 18:00etan, eta Taher Ali palestinar militantea izango da hizlaria.
Sortu berri den taldea da Aulesti-Palestina, eta lehenengo ekintza gisa hitzaldia antolatu dute, nahiz eta Aulestiko San Joan jaietan ere zenbat ekimen egin dituzten, “herria mobilizatzeko asmoz”: “Aulestin zerbait egin behar genuela pentsatu eta batzen hasi ginen. Elkarrekin ideiak partekatu, eta herriko eragile desberdinekin ere harremana egin genuen. Herritarrak mugitzen hasteko zer egin pentsatzen geundela hitzaldiaren ideia izan genuen; izan ere, Taher Ali aurretiaz ere egon zen Aulestin beste hitzaldi bat eskaintzen”. Palestinaren aldeko ekintzei hasiera emateko erabiliko dute hitzaldia, etadatorren asteburuan [uztailak 5-6] horma irudia margotuko dute: “Oraindik zehazteko daukagu noiz margotuko dugun horma irudia, baina segur aski, uztailaren 5ean [zapatua] egingo dugu. Herriko ume zein nagusiak gonbidatu nahi ditugu ekintza honetan parte hartzera, eta baita, barikuan izango dugun hitzaldira ere”.
Aulesti-Palestina taldeak San Joan jaiak aprobetxatu ditu hitzaldiari begira herrian giroa sortzen hasteko: “Otzara bat zozketatu eta kamisetak atera ditugu. Horrez gain, herria palestinako banderez bete dugu jaietan, eta herritarrek ere balkoietan jarri dute. Helburua, hitzaldira begira jendea aktibatzea da, eta ateratako dirua Ateneo Palestino taldearentzako izango da. Gainera, Taher Ali bertako militantea da”. Hitzaldian Palestinaren historia eta gaur egungo testuingurua azalduko ditu Alik, eta antolatzaileek nabarmendu dutenez, hitzaldi “parte hartzailea” izango da: “Bertaratzen direnen zalantzan argitzeko espazioa ere izango da”.