'Zapato Azulin erasoik ez!' lelopean elkarretaratzea deitu du Itaiak barikurako
Itaiak deitutako elkarretaratzea barikuan [ekainak 27] izango da, 20:00etan, Alamedan.
Zapato Azularen [ekainak 28] bezperarako elkarretaratzea deitu du Itaiak, Zapato Azulin erasoik ez! lelopean. Azken urteetan Zapato Azulean eman diren eraso matxistetan jarri du fokua, eta jaien testuinguruan ematen diren erasoen gorakada azpimarratu du: “Honen aurrean, kultura matxistaren desnormalizazioa bultzatze aldera, beharrezkoa ikusi dugu herrian eraso matxisten kontrako elkarretaratzea deitzea; aurreko urteetan eman diren erasoak salatzeaz gain, aurten ere erasorik ez dugula onartuko argi utzi nahi dugu”.
Indarkeria matxistaren kontrako mezua zabaltzea “ezinbestekoa” dela adierazi dute Itaiatik. “Erasotzailearen inpunitatea salatu eta indarkeria sistematiko horren aurrean eman behar diren erantzunak kolektiboak izan behar dira. Eta horretarako, instituzio kapitalistetatik independenteki antolatutako tresna eraginkor eta bateratuak martxan jartzea beharrezkoa da”. Hala, barikuan [ekainak 27] elkarretaratzean parte hartzeko deia egin die herritarrei. Horrez gain, Zapato Azulean eraso matxisten kontrako protokoloa izango dute: “16:00etatik 06:00etara arte eraso matxisten kontrako protokoloa martxan egongo da. Beraz, erasoren bat jasan edota ikusiz gero, txosnako barrara joan edo kideren batekin harremanetan jarri. Gero, protokolo arduraduna arduratuko da erasoa kudeatzeaz. Erasoa jasan duen pertsonarentzako babesgune bat ere izango dugu”.