Txiki geratu da Ondarroa 26. Zapato Azulean
Urtero bezala, gaurkoan [ekainak 28] ere jende ugari bertaratu da Ondarroara Zapato Azulaz gozatzera. Radixu Irratiak Danonartin elkartea omendu du, eta Euskal Herriko kamiseta onenaren saria EM Zirrimarrak irabazi du. Ondarroakoa, ostera, Radixu Irratiarentzat izan da, hamar botogaz.

Heldu da eguna. Heldu da ondarrutar nahiz inguruko ugarik horrenbeste gustuko duten eguna. Urdinez jantzita esnatu da gaur [ekainak 28] Ondarroa, 26. Zapato Azule ospatzeko. Goizean goizetik eguzkiak gogor jo duen arren, ez da aitzakia izan herriko Alde Zaharra jendez betetzeko. Beste behin ere, txiki geratu dira Ondarroako kaleak; jairako gogoz, kale bazter guztiak bete dituzte bertaratu direnek. Nekane Akarregi urteroko hizlariaren ahotsa entzuteko zain egongo ziren asko, baina iaz izan zen haren azken urtea. Hala, Akarregiren erreleboa Koldo Azpiazuk hartu du.
Azpiazuk mikroa hartu aurretik baina, Radixu Irratiakoek (105.5 FM edo radixu.info)Â kaleko zuzeneko emisioagaz hasi dute eguna, 11:00etan, eta ordu berean zabaldu dute 26. Euskal Herriko kamiseta azoka ere, Latxanbre Plazan; aurtengoan, hemezortzi postu izan ditu azokak. Hala ere, jaiak 12:00etan egin du eztanda, ohi bezala, Manuel Eluren bolandera merke baina baliotsuekin batera.
Ostean jai giroak etenik izan ez duen arren, Lea-Artibai eta Mutrikuko Desbiauek aldarrikapenerako tartea hartu dute. Izan ere, gaur [ekainak 28] LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna da, eta hala, Zuen ostadarra ez da gure borroka lemapean, kaleak hartu dituzte.
Urtero bezala, jarraian Kresalako banda, Artelango erraldoiak nahiz falta direnekin gogoratzeko unea hartu dute bertaratu direnek. Musikak ez du hutsik egin Kresalako bandagaz, baina ezta Xabi Solano eta DZ-gaz ere. Eguzkiaren berotasuna alde batera utzi, eta Solanok dantzan ipini ditu Kalekutz inguruan zeuden denak; gainera, ezustekoren bat ere izan da tartean, Esne Beltzako kideak ere bertaratu baitira.
Giroa bero-bero eta abanikoak dantzan, berotasun beragaz jaso dituzte Dinamartxa egin dituzten 259 partaideak ere. Dina Bilbao Barruetabeñaren omenez, 76 lagunek egin dute Tolosatik Ondarroara arteko bidea oinez, eta 183k, aldiz, bizikletaz; Radixukoek esan dutenez, inoizko partaide gehien eduki du aurtengo Dinamartxak. Zalantzarik barik, eguneko une hunkigarrietako bat izan da Dinamartxaren ailegarea; Ondarroan zeudenen oihu, txalo, musika eta irrintzien artean, irribarrez heldu dira denak herrira.
Dinamartxa heldu eta berehala, aurtengo pregoia entzuteko tartea hartu dute, eta besteren artean, prentsa askatasuna aldarrikatu, Israeli boikota egiteko deia zabaldu, Palestinari elkartasuna erakutsi eta falta direnak gogoan hartzeko mezuak zabaldu dituzte.
Jarraian, urteroko omendua izendatu du Radixu Irratiak. Norbanako nahiz elkarteak izan daitezkeen arren, aurten Danonartin elkartea omendu dute. Ostean, Euskal Herriko eta Ondarroako kamiseta onenaren eta erakusleiho onenaren sari banaketa egin dute: Euskal Herriko kamisetarik onenaren saria EM Zirrimarrak eskuratu du, eta Ondarroakoa, Radixu Irratiak, hamar botogaz. Erakusleiho onena, ostera, Deñe Belar Dendarena izan da.Â
Goizeko jarduna amaituta, luzeena geratzen zaie oraindik Ondarroan daudenei. Jaia hasi baino ez da egin, eta arratsaldetik aurrera musikak hartuko ditu herriko txoko guztiak.
Arratsaldeko eta gaueko egitaraua.
- 16:30. Itsasaurren, Altxa Porru erromeria.Â
- 18:00. Kalekutzeko eskaileretan, Stepi.
- 18:00. Kafeko Atzean, Umeen jolasak (Txirrimorraski).Â
- 18:00. Itsasaurren eta Frontoian, Zumba!
- 18:30. Itsasaurren, Altxa Porru.
- 19:00. Frontoian, Zerotan.
- 20:00. Kafeko Atzean, Euskal Erromeria: Banakutik Larrain dantzara.
- 20:15. Itsasaurren, DJ Mali.Â
- 20:30. Frontoian, DJ Oihana Begana.Â
- 22:00. Kafeko Atzean, Erromeria: Musutruk. Ondoren, DJ Jo ta Txo. Â
- 23:00. Itsasaurren, 48280.
- 23:00. Frontoian, DJ Adarrak.Â
- 00:15. Itsasaurren, DJ EO.
- 01:00. Frontoian, Alloxelets.
- 03:00. Itsasaurren, DJ Maikino.
- 03:00. Frontoian, Unai Diaz.

































































































































































































