'Zuen ostadarra ez da gure borroka' lemapean, Ondarroako kaleak hartu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikuko Desbiauek
Lea-Artibai eta Mutrikuko Desbiauek Harrotasun Eguna aldarrikatu, eta normaltasunagaz apurtzeko deia egin dute. Ondarroako Zubi Zaharrean elkartu dira gaur [ekainak 28] eguerdian.

Urdina ez da izan gaur [ekainak 28] Ondarroako kolore bakarra. Lea-Artibai eta Mutrikuko Desbiauek kolore arrosaz jantzi eta LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunagaz bat egiteko deia zabaldu zuten, eta herriak erantzun egin du: Zuen ostadarra ez da gure borroka lemapean Ondarroako Zubi Zaharra kolore arrosaz bete dute “Harrotasun Eguna plazaratu, kaleak hartu eta sexu eta genero disidenteen borrokak” aldarrikatzeko asmoz.
Gogora ekarri dute egunak 1969an duela jatorria: “Egun hau mugarri bat da, 1969. urtean New Yorkeko Stonewall pubean poliziaren sarekada saiakeraren aurrean kolektiboko kideak matxinatu egin zirelako. Orduko aldarrikapenak oraindik ere beharrezkoak dira, eta beste hainbeste aldarrikapen ere gehitu zaizkie urte askotako borrokaren ondorioz”. Halaber, adierazi dute “ezinbestekoa” dela egunaren konfrontazio eta iraultza izaera gogora ekartzea.
Ondarroan batzea ez da kasualitatea izan: “Gaur Ondarroan batzea erabaki dugu Zapato Azule bezalako jai masibo batean hemen gaudela aldarrikatzeko“. Nabarmendu dute jasaten dituzten zapalkuntzak agerian geratzen direla halako egunetan, eta eurenganako erasoak biderkatu egiten direla: “Zer esanik ez testuinguru erreakzionario batean, hetero, zuri eta aberatsak ez garen denon aurkako erasoen gorakada momentu batean. Zuen inpunitatea seinalatzen jarraituko dugu, aurrean edukiko gaituzue”.
Ozen adierazi dute euren helburua ez dela herrietan nahiz herriko jaietan integratuak izatea: “Gure helburua ez da Zapato Azulean gure disidentzia onartua izatea. Guk ez dugu nahi normaltasunean integratu; normaltasunarekin apurtu egin nahi dugu“. Hala, Zapato Azularen “jai heteromasiboaren aurrean” disidentzia transfeminista aldarrikatu dute. Horren harira baliatu dute kolore arrosa gaurko eguna aldarrikatzeko ere: “Normaltasun urdinaren aurrean, herriko Zubi Zaharra okupatuko dugu kolore arrosa, luma, melena, bizar, gona nahiz purpurinarekin. Ez gara heterosexualekin batera dantzan egingo duten lesbiana, gay eta lagunak. Bollera, marika eta trans anti-heterosexualak gara. Zuen ostadarra ez da gure borroka. Gurea borroka transfeminista da!”.
Era berean, sexilioak herrietan nahiz Lea-Artibai eskualdean jarraitu egiten duela adierazi dute, heterosexualitatean kokatzen direnen erantzunkizuna seinalatuz. Salatu dute LGTBI kolektiboko “kide asko” hirietara joan behar izaten direla espazio seguru eta bizigarriagoen bila, eta horrekin apurtzeko deia luzatu dute: “Hondartzara, ohera, parrandara, kalera, plazara, eskolara, lanera eta goazen leku denetara lasai joan nahi dugu. Gure herrietan bizi nahi dugu, eta herriak desbiauontzako leku bizigarri eta seguruak izatea nahi dugu, dinamika heterosexualetatik kanpo”.
Palestina, gogoan. Ekainaren 28a aldarrikatzeagaz batera, Palestinar herria jasaten ari den “genozidioa eta garbiketa etnikoa” ere salatu egin nahi izan dituzte: “Euskal agintari eta enpresen konplizitatea salatzen dugu, eta Palestinak duen erresistentziarako eskubidea defendatzen dugu”. Gainera, “altu eta irmo” salatu dute “Israel egiten ari den pinkwashinga, genozidioa ustezko askatasunaren atzean ezkutatu nahian”. Hala, Palestinari elkartasuna adierazteagaz batera amaitu dute elkarretaratzea.