Berriatuko zesta eskolak beste hiru txapel irabazi ditu, orain banakakoan
Mendibarren frontoiak hartu zituen zapatuan [ekainak 28] Euskal Herriko banakako txapelketako gizonezkoen finalak eta domekan [ekainak 29] Mutrikukoak.

Berriatuko zesta eskola sasoiko dago, Bizkaiko Herriarteko Txapelketan Markina-Xemeini nagusitu ostean, orain Euskal Herriko banakakoan ere txapelak lortu dituzte. Hain zuzen ere, lau finaletan ordezkariak zituzten berriatuarrek. Gainera, etxean jokatu zuten zapatuan [ekainak 28] Mendibarren frontoian.
Kadete mailan, Inhar Aldazabal berriatuarrak 25-23 irabazi zion Zumaiako zesta eskolako Mikel Silvetiri. Juniorretan, Aratz Goikoetxeak errazago hartu zuen mendean Hondarribiko Mattin Bereau puntistari 25-17ko emaitzagaz. Nagusietan gailenduz gero, hiru txapelak irabaztea lortuko zuten berriatuarrek, baina ez zen posible izan. Amets Aldazabalek ezin izan zuen Ruben Bailo beteranoa mendean hartu eta azken txanpan ihes egin zion garaipenak: 22-25. Hala ere, Berriatuko zesta eskolatik “oso pozik” agertu dira emaitzekin.
Emakumezkoen finalak Mutrikuko Miruaitz frontoiak jokatu zituzten. Bertan, nagusietan, Maia Goikoetxeak txapela jantzi zuen finalean Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarra 25-17 garaitu ostean. Gazteetan, berriz, txapela Markina-Xemeinera joan zen, ez zegoen beste aukerarik Arai eta Lur Lejardiren artean jokatu baitzuten finala eta lehendabizikoa atera zen garaile: 25-16.