Gaztedi, Mutrikun irabazle
Mutrikuko Galdonamendi auzoak hartu zituen Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketaren gizonezkoen 600 Kg-ko eta emakumezkoen 540kg-ko 2.jardunaldiak. Gaztedik lortu zituen kategoria bietako lehen postuak. Etxeko taldeak "oso gustora" aritu zirela nabarmendu du.

2025eko Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketaren gizonezkoen 600 Kg-ko eta emakumezkoen 540kg-ko bigarren jardunaldiak jokatu zituzten zapatu arratsaldean, Mutrikun. Beste urte batez, Galdonamendi auzoa izan zen lehiaren eszenatokia.
Etxeko taldeaz gain, Goiherri, Akelarre, eta Gaztedi klubeko bi talde izan ziren norgehiagokan, bai emakumezkoen zein gizonezkoen lehian. Emakumezkoetan, hirugarren postua lortu zuen Mutriku Sokatira Taldeak, Goiherrirekin 3,5 puntutara berdinduz. Horien aurretik sailkatu zen Gaztedi A, 5 puntu eskuratuz, eta beraz, lehenengo postua patrikaratuz. Emakumezkoen 540kg-ko lehiako podiuma, beraz, hiru talde horiek osatu zuten. Laugarren eta bosgarren postuak, aldiz, Akelarre eta Gaztedi B taldeentzat izan ziren, hurrenez hurren; 1,5na puntu eskuratu zituzten.
Gizonezkoen 600kg-ko lehian ere lehen postua Gaztedik lortu zuen, 3 punturekin. Goiherri bigarren sailkatu zen, 2 puntugaz. Akelarrek, puntu bakarra lortuta, hirugarren amaitu zuen.
Etxeko taldekoak «oso gustura» aritu ziren jardunaldian zehar: «Bai emaitzengatik, bai gure neskek eman zuten erantzunarengatik, oso pozik gelditu ginen». Eguraldia aldeko izan zuten, baina «bero handia» egin zuela nabarmendu dute. Era berean, espero zuten bezala, Ondarruko Zapato Azulek ere eragin zien: «Jende aldetik, espero genuen jende kopurua bertaratu zen. Badakigu Zapato Azulek asko kentzen duela, eta horregatik, ez zen publiko nabarmenik egon. Baina hori aurreikusita genuen zerbait zenez, ez zuen eraginik izan».
Etortzear daudenak
Aipatutako kategoria bietako finalak Laukizen lehiatuko dituzte zapatu honetan. Finalera begira, «gogotsu» agertu dira Mutriku Sokatira Taldeko kideak: «Sailkapen orokorrean hirugarren gaude, eta beraz, dena gure eskuetan izango dugu zapatuan Laukizen». Nahiz eta taldean «molestiaren bat zein beste» duten, «lasai» daude finalerako, eta orain arte egindako lanarekin «oso pozik» daudela azpimarratu dute.
Uztailaren 12an, aldiz, gizonezkoen 560 kilokoa eta emakumezkoen 500 kilokoa abiatuko dituzte, Goiherri San Kristobalen. Bigarren jardunaldia uztailaren 19an lehiatuko dute, eta finalak, ordea, uztailaren 27an; jardunaldi bi horien kokalekuak ez dituzte iragarri. Horrez gain, uztailaren 25ean, mistoen finala ere jokatuko dute, 580 kiloko kategorian; final hori non egingo duten ez dute aurreratu.