Hamar emakume baserritarren ahotsak, 'Erein, borrokatu, bizi' liburuan bilduta
Bizkaiko nekazarien sindikatuaren (EHNE-Bizkaia) ekimenez, Maribi Ugarteburu amorotarrak 'Erein, borrokatu, bizi' liburua idatzi du. Hamar emakumek baserritarren mugimenduan utzitako arrastoak bildu ditu.

88 urte zaharrenak, eta 40 urte gazteenak. Tartean 11 istorio eta bizipen, baina denak ere “hari beraren txirikordak”: “Lurraren zaintzarekin lotutako emakumeen belaunaldiz belaunaldiko haria”. Horiek guztiak batu ditu Maribi Ugarteburu amorotarrak Erein, borrokatu, bizi liburuan, Bizkaiko nekazarien sindikatuaren (EHNE-Bizkaia) ekimenez eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren babesarekin, eta barikuan [ekainak 27] aurkeztu zuen liburua, Arteako Herriko Bentan.
Hala, “jatorri, belaunaldi eta bizipen ezberdinak” bildu ditu Ugarteburuk liburuan, eta tartean daude eskualdeko Libre Plaza lekeitiarra eta Arantza Arrien aulestiarra ere; Plaza da, hain zuzen ere, elkarrizketatu guztien artean nagusiena dena, 1936an jaioa baita. Plazagaz eta Arrienegaz batera, Maritxu Telleria (Oñati), Mariasun Borde (Ugao), Maite Aristegi (Bergara), eta Glori Dehesa (Karrantza), Helen Groome (Northampton, Ingalaterra), Malu Egiluz (Zeanuri), Amets Ladislao (Algorta) eta Alazne Intxausperen (Andoain) bizi historiak bildu ditu Ugarteburuk. Denak ere Euskal Herriko baserritarren mugimenduaren eta sindikalgintzarekin lotutakoak dira: “EHNE sindikatuaren jaiotza bera ezagututakoak dira batzuk. Beste batzuk, berriz, lehen emakumeak izan ziren Bizkaiko EHNEren zuzendaritzan, edota ardura teknikoetan. Gaur egun ardura horietan dihardutenak ere, tartean daude. Nekazaritza eta abeltzaintza iraunkorraren aldeko militanteak. Feminismotik, izena bera ere jakiteke kasu batzuetan, jarri dute gorputza eta zaindu dute lurra. Eta, bakoitzaren aukeren neurrian, oraintxe ere horretan dihardute”.
Bakoitzak bere bizipenak kontatu dituen arren, “alor amankomunak” atzeman daitezke liburuan, besteren artean, “lurrarekiko maitasuna, konpromiso kolektiboa, lurreko langile izatearen harrotasuna, generoak eragindako pisua, eta oztopo edo zailtasunei aurre egiteko determinazioa”. Era berean, emakumeetako bakoitzak ezagutu du nekazaritzak eta abeltzaintzak azken hamarkadetan Hego Euskal Herrian bizi izandako “etena” eta agroindustrializazioaren zein globalizazioaren eragina.
Liburua salgai egongo ez den arren, Lea-Artibaiko liburutegietan eskurragarri egon dela adierazi dute.