Saizar eta Apalantzak irabazi dute XVII. San Migel Rallysprinta
Antolatzaileak "pozik" daude XVII. San Migel Rallysprintak izandako erantzunarekin, eta laguntzen aritutako boluntarioak eskertu dituzte EMEko eskuderiatik.

Aitor Saizarrek eta EME eskuderiako kide Alazne Apalantzak lortu zuten lehen postua XVII. San Migel Rallysprintean, Peugeot 207 S2000gaz, zapatuan. 63 autok parte hartu zuten, eta antolatzaileek nabarmendu bezala, horietatik 31 izan ziren emakumeak.
Hain zuzen ere, zortzi urteko geldialdiaren ostean, EME automobilismo kirol klubak iaz berreskuratu zuen San Migel Rallysprinta. Emakumez osatutako klub aitzindari eta bakarra da EME, eta bertako kideak «pozik» daude rallysprintak izandako erantzunarekin. Parte hartzaile kopuruagatik ez ezik, batik bat, boluntarioen lanagatik pozik daudela adierazi dute. «Eguraldi beroak espero baino ikusle gutxiago bertaratu arren, giro onez eta segurtasuna bermatuz igaro genuen eguna», nabarmendu dute. Hasi zuten 63 autoetatik, 41ek soilik amaitu zuten lasterketa. «Gorabeherarik gabe proba aurrera ateratzeko», antolakuntzakoen lana azpimarragarria izan zela esan dute.
Gainera, berritasunik ere izan du aurtengo edizioak. Izan ere, aurretiaz jakinarazi zutenez, goizeko ekintza Etxebarrian egin beharrean, Elgoibarren egin zuten. Beraz, izena emandako autoek 09:45etik 12:30ak bitartean egiaztapen administratibo eta teknikoak pasatu zituzten bertan, eta gero, irteera hartzeko baimendutako ibilgailuek Kalegoen Plazan izan zuten elkartzeko hitzordua. Autoak 13:30ean atera ziren parke itxitik Etxebarrirantz.
Erlojupeko ibilbidea Etxebarritik abiatu zuten, eta Elgoibarren izan zuen helmuga; parte hartzaileek hiru aldiz errepikatu behar izan zuten ibilbidea.
Saizarrek eta Apalantzak «erritmo bizia» jarri zioten lasterketari, hiru igoaldietan nagusituz. Hala ere, bigarren eta hirugarren postuak erabakitzeko «lehia handiagoa» izan zela azaldu dute antolatzaileek. Izan ere, Ibon Otaegi eta Leire Odriozola BMW E46arekin nagusi izan ziren bi erlojupekoetan, eta lau segundoko abantailagaz abiatu ziren azken erlojupekoan, baina lasterketa amaitzear izandako istripuak kanpoan utzi zituen. Ondorioz, Aitzol Apalantza eta Olatz San Miguel M3 E36arekin sailkatu ziren bigarren eta podiumaren hirugarren postura igo ziren Gorka Idigoras eta Andoni Perez de Villarreal (Peugeot 208 R4).
Horrez gain, antolatzaileak «pozik» daude, beste urte batez errekorra gainditu dutelako; izan ere, emakumezkoen artean, iazko aldean, parte hartzaile bat gehiago eduki dute aurten, eta gainera, bost emakumek debutatzeko aukera eduki zuten. EME eskuderiako kide Oihane Uranga markina-xemeindarrak eta Ane Zapirain astigartarrak debutatu zuten pilotu bezala. Hain zuzen ere, pilotu lanean bost emakume aritu ziren. Kopilotu lanetan aritutako 26 emakumeen artean, berriz, hirurentzat izan zen estreinako aldia: Nuria Sebrango eta Ane Arizmendiarrieta markina-xemeindarrarentzat eta Olatz Betanzos muxikarrarentzat. Hori «aipagarria» dela gaineratu dute antolakuntzatik: «Aipagarria da bost emakumezko gidariek lasterketa polita osatu izana».
Eskuderiako kideek eskerrak eman nahi izan dizkiete babesle guztiei, eta nola ez, boluntario lanetan aritutako norbanakoei ere bai: «Horien konpromiso eta lanari esker atera zen hein handi batean lasterketa horren ondo».
Era berean, «ibilbidea garbi eta txukun uzteagatik» ikusle eta zaleekin ere eskertuta daude, baita Kastinparroko taldekideekin ere, «beste behin eskainitako laguntasunagatik». Horrez gain laguntzaile izan dituzten hiru udalen babesa ere eskertu eta goraipatu dute, eta bizilagunei ere eskerrak eman dizkiete.