"Denentzako moduko" San Martin jaiak hasiko dituzte eguaztenean Amoroton
Txan Txun Txunen igoeragaz hasiko dituzte jaiak bihar [uztailak 2], eta besteren artean, musika eskaintza oparoa egongo da domekara [uztailak 6] bitarte. Herritarren eguneko paella lehiaketan 250 pertsonek parte hartuko dute.
Uztaila heltzeagaz batera, amorotarren jai gosea asetzeko unea heldu da. Bihar [uztailak 2] San Martin jaiei ekiteko azken prestakuntza lanetan ari dira jai batzordeko kideak, eta aurten egitaraua “urteroko antzera” datorren arren, zalantzarik barik, ez da egitekorik faltako Amoroton, izan ere, “denentzako moduko jaiak” antolatzen saiatu dira.
Egitarauan aldaketa askorik ez dagoen arren, erasoen aurkako protokolo berria edukiko dute martxan jaietan: “Beste urteetan ere egon izan da protokoloa, baina oraindoan kanpoko erakunde batekin hainbat saio egin ditugu, eta protokolo landuagoa egin da”. Protokoloagaz batera, beste aldaketetako bat Egunsenti elkartearen kudeaketan egongo da: “Orain arte elkarteko kideek kudeatzen zuten, baina adostasun batera heldu gara, eta aurten, estreinakoz, jai batzordeak kudeatuko du”.
Aldatuko ez diren osagaiak, kontzertuak izango dira. Ugari eta denetarikoak egongo dira aurtengoan ere: “Azkenaldian asko entzuten diren taldeak dira, eta baita talde nahiko berriak ere. Ezagutzera emateko aukera eman nahi diegu”. Andoni Ollokiegi, Very Txarrak (Eskafandraren partez), 48280, Bengo, Tatta & Denso, Kaparrak eta Hazas & Jagoba igoko dira oholtzara; frontoian diren kontzertuetarako sarrera erosi beharko da bibe.me web orrian 6 euroren truke edo egunean bertan, 8 euroren truke.
Kontzertuekin batera, bi DJ -DJ Tintz eta DJ Maikiño- eta hiru erromeria -Trikizio, Gora Herria eta Etxebarria Aita-Semeak trikitilariak- ere egongo dira, eta baita umeentzako musika eskaintza ere. “Iaz azken momentuan aldaketa bat egon zen, eta azkenean DJ bat ekarri genuen. Sekulako arrakasta izan zuen, eta aurten horren aldeko apustua egitea erabaki dugu. DJ-ak diren arren, denetariko musika ipintzen dituztenak ekarri nahi izan ditugu”, adierazi dute. Umeen musika eskaintzari dagokionez, ostera, San Martin Bezperagaz batera helduko da, eta Mitxel Play diskofesta igoko da oholtzara.
Gauean dantza egiteaz gain, egunean zehar elkartzeko aukera ere izango dute. Bihar [uztailak 2] hasiko dituzte jaiak Txan Txun Txunen igoeragaz eta txupinazioagaz. Eguenean [uztailak 3] ostera, jubilatuen eta umeen txanda izango da. Jubilatuen bazkaria egingo dute, eta gaur gaurkoz, 26 lagun inguruk eman dute izena: “Ibai-ganetik ekarriko dute janaria, eta kultur etxean egingo dute bazkaria”. Umeek, aldiz, arratsaldean edukiko dute zer egina, izan ere, Zalbiren eskutik umeentzako jolasak egongo dira.
Kirolari tartea egin, eta krono igoera egingo dute barikuan [uztailak 4]. Gaur gaurkoz, iazko “kopuru antzekoak” eman du izena, 36 pertsonak, hain zuzen ere. Hala ere, jakitera eman dutenez, eguna heldu bitartean izena emateko aukera egongo da: “Denak dira ongietorriak”.
Herritarren eguna. Denak elkartuko diren egunik izango bada, zapatuan [uztailak 5] ospatuko dute herritarren eguna izango da. Paella txapelketagaz hasiko dute eguna, eta “herri erdi baino gehiagok” eman du izena; guztira hamar kuadrila, eta 250 lagun baino gehiago.
Izan ere, horixe izan da jai batzordearen helburua: “Ahalegintzen gara jaiak herritar denontzat izatea, eta denek parte hartzea, sasoi guztietakoek. Jaietako ekintzetan ez ezik, txosnetan ere herritar ugarik parte hartzen dute”. Boluntarioak abendu inguruan hasten dira lanean: “Lehenengo batzarrak orduantxe egiten ditugu, iazko balorazioagaz batera. Eta gero, jaiak heldu bitartean, batzar ugari egiten ditugu”. Jai batzordea ere, denetariko adin eta kuadriletakoek osatzen dute: “Badaude kide beteranoagoak, eta badaude duela gutxi hasitakoak ere; horiek oraingoz, gehiago etortzen dira entzule moduan, trantsizio moduko bat da, eta gero eta erantzukizun gehiago hartzen joaten dira”. Gogorarazi dute “edonor” dela ongietorria jai batzordean: “Denok gara boluntarioak eta jaiak denontzako montatzen ditugu. Beraz, laguntzera etorri nahi duenak etor dadila, esku bat gehiago beti eskertzen da-eta”.
Jaiak heltzeko gogoz daude herritarrak, baina jende ugari elkartzen denaren jakitun, azpimarratu dute inolako erasorik gabeko jaiak nahi dituztela: “Denak dira ongietorriak, baina jai lasaiak nahi ditugu, eta batez ere, inolako erasorik gabekoak. Horren gainean egongo gara, eta espero dugu ezer ez gertatzea”.
Egitaraua.
- Bihar [uztailak 2], eguaztena
- 20:15. Txan Txun Txunen igoera eta txupinazoa.
- 21:30. Andoni Ollokiegi, plazan.
- 23:00. Very Txarrak.
- Ondoren. 48280.
- Amaitzeko. Trikizio erromeria.
- Autobusak. Lekeitiotik Amorotora 21:30ean eta 22:30ean; Amorototik Lekeitiora, 04:00etan eta 06:30ean.
- Etzi [uztailak 3], eguena
- 14:30. Nagusien bazkaria.
- 18:00. Umeentzako jolasak, Zalbiren eskutik.
- 20:00. Mitxel Play! diskofesta.
- Uztailak 4, barikua
- 11:30. Meza nagusia.
- Ondoren. Arta Nagusi dantza taldearen emanaldia.
- 17:30. Krono igoera.
- 20:00. Etxebarria Aita-Semeak trikitilariak, plazan.
- 22:30. Kontzertuak, frontoian: Bengo, Tatta & Denso eta DJ Tintz. Sarrera erosi behar da (6 euro bibe.me orrialdean edo 8 euro lehiatilan).
- 02:30. Gora Herria erromeria, plazan.
- Autobusak. Lekeitiotik Amorotora, eta hortik Lekeitiora, gau guztian, 21:00etatik 07:00etara. Horrez gain, Lea-Artibaiko herrietatik, Gababusa.
- Uztailak 5, zapatua
- 12:30. Kuadrilen arteko paella lehiaketa.
- 14:30. Paellen aurkezpena.
- 15:00. Kuadrilen bazkari herrikoia.
- 20:00. Elektrotxorongo, plazan.
- 23:00. Kaparrak.
- Ondoren. Hazas & Jagoba.
- Amaitzeko. DJ Maikiño, plazan.
- Autobusak. Lekeitiotik Amorotora 21:00etan eta 22:30ean; Amorototik Lekeitiora, 04:00etan eta 06:30ean.
- Uztailak 6, domeka
- 17:00. Mus txapelketa, frontoian. Izen ematea: 20 euro bikoteko.
- 17:30. Briska txapelketa, frontoian. Izen ematea: 15 euro bikoteko.