36. Galiziako Eguna hartuko du asteburuan Ondarroak
Barikuan [uztailak 4] emango diote hasiera 36. Euskal Herriko Galiziar Egunari Ondarroan. Asteburu guztiko egitaraua antolatu dute, eta aurreikupen "oso ona" egin dute antolatzaileek.
Ondarroan ospatuko da aurten 36. Euskal Herriko Galiziar Eguna, barikutik [uztailak 4] domekara [uztailak 6] bitartean. Antolatzaileek Euskal Herria eta Galizia lotzeko zubi gisa definitu dute asteburua: “Euskal Herriko udalerri ezberdinetan ospatzen dugu urtero, Galiziar Etxeak dauden herrietan. Aurten, Ondarroaren txanda izan da eta aurreikuspenak oso onak direla onartu behar dugu; izan ere, herriak beti egiten dio harrera ona Galiziar Etxean antolatzen dituen ekimenei. Gure kultura eta tradizioak zabaltzeaz gain, euskal herritarrek egindako harrera eskertu nahi izaten dugu egunarekin”.
Hala, asteburua “goi-goitik” ospatzeko egitarau “borobila” antolatu dute: “Egitarau interesgarria antolatu dugu astebururako. Barikuan hasiko da festa, agintarien harreragaz, gaiteroen kale animazioagaz, eta Ondarroako Joxpa Erromeria taldearen kontzertuagaz”.
Zapatuan ere “denetik” egongo da Ondarroan. 11:00etan emango diote hasiera egunari Galiziako Ardo Beltzen 20. dastaketa lehiaketagaz, eta ondoren, Markina-Xemeingo Zerutxu dantza taldeak emanaldia eskainiko du. “Arratsaldean Xoán Carlos Rilok O ronsel do meu sentir diskoa aurkeztuko du Galiziar Etxean, eta ondoren, Pan Sen Fronen emanaldia egongo da. Gero, Xurxo Fernandesek Levaino ikuskizuna eskainiko du, eta egunari amaiera emateko Gran Queimada egingo dugu”.
Igandean ere, goizean goiz hasiko dute eguna, eta eguerdian, ekitaldiaren txanda izango da; hala, Euskal Herrian galiziar kultura sustatzen lanean ibili diren pertsona ezberdinak omenduko dituzte: “Ruben Rios zinema zuzendari galiziarrak botako du pregoia, Euskal Herria eta Galiziaren arteko harremanagaz lotura estua baitu. Ondoren, Patxi Labordari Zilarrezko Anduriña emango zaio, egindako lan guztiagatik. Horrez gain, Carlos Cardesin Donostiako Galiziar Etxeko lehendakariak Irmandadeko urrezko oroigarria jasoko du. Bertaratzen diren ordezkari politikoek ere, hitza hartuko dute”.
Antolatzaileek eguraldia lagun izatea espero dute: “Eguraldi ona egitea espero dugu. Gainera, uste dugu, jaiak harrera oso ona izan dezakeela Ondarroan. Beraz, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu eguna gurekin ospatu eta Euskal Herria eta Galiziaren arteko zubia eraikitzen jarraitzera”.
EGITARAUA
Uztailak 4, barikua
- 20:00. 35. Galiziar Egunaren inaugurazioa eta agintarien harrera.
- 20:30. Gaiteroen kale animazioa Itsasaurren.
- 22:30. Joxpa Erromeria taldearen kontzertua.
Uztailak 5, zapatua
- 11:00. Galiziarko Ardo Beltzen 20. Dastaketa Lehiaketa.
- 12:30. Zerutxu Dantza taldaren emanaldia.
- 17:30. Xoán Carlos Riloren O rosel do meu sentir diskoaren aurkezpena, Galiziar Etxean.
- 19:30. Pan Sen Fronen emanaldia.
- 22:30. Levaino ikuskizuna, Xurxo Fernandesen eskutik.
- 00:00. Gran Queimada,.
Uztailak 6, domeka
- 11:00. Kalejira, Euskal Herriko Galiziar Etxeen Irmandadeko taldeek gidatuta.
- 11:00. Sukaldaritza lehiaketak (enpanada, tortila eta filoa).
- 12:30. Agintarien harrera.
- 12:45. Ekitaldi instituzionala.
- 17:30. Folklore jaialdia, Euskal Herriko Galiziar Etxeetako gaiteroen eta danza taldeen eskutik.
- 20:30. 35. Galiziar Egunaren itxiera.