'Bizkaiko Batzar Nagusiak ezagutuz' erakusketa inauguratu dute Ondarroan
Gaur [uztailak 2] goizean inauguratu dute Ondarroan Bizkaiko Batzar Nagusiei buruzko erakusketa ibiltaria. Bertan izan dira Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Urtza Alkorta Arrizabalaga Ondarroako alkatea, eta Foru parlamentuko mahaiko eta Udalbatzako kideak.

Bizkaiko Batzar Nagusiak ezagutuz erakusketa inauguratu dute gaur [uztailak 2] goizean Ondarroako Itsasaurre ondoko oinezkoentzako bidean; izan ere, bertan emango diote itxiera erakusketa ibiltariaren hirugarren edizioari. Ekitaldian parte hartu dute Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Urtza Alkorta Arrizabalaga Ondarroako alkateak, eta Foru Parlamentuko mahaiko eta Udalbatzako kideek. Erakusketak Bizkaiko Batzar Nagusien historia eta egitekoak herritarrengana hurbiltzea helburu duela azpimarratu du Ana Otadui Biterik.
Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa ibiltariak apirilean ekin zion Bizkaian zeharreko hirugarren birari, “XIV. mendetik lurraldearen gorabehera nagusien protagonista eta lekuko eta Europako lehenengo sistema parlamentarioetako bat izan den Foru parlamentuaren garrantzi historiko, politiko, sozial eta kulturalari balioa ematen jarraitzeko asmoz”. 2023an jarri zuten proiektua martxan, eta ordutik, Bizkaiko herri “nagusietan egon da”; esaterako, ekainean Zornotzan egon zen, eta uztailean Ondarroan egon ondoren amaiera emango diote hirugarren aldiari.
Erakusketa formatu handiko 9 panel dituen hiru euskarrik osatzen dute, eta bertan, parlamentuko egitura “zabala” ageri da, baita, Bizkaiko kultur ondare “aberatsa” ere. “Erakusketan Batzar Nagusietako egoitzen ibilbidea agertzen da -Bilbo, Gernika-Lumo, Abellaneda eta Gerediaga-. Gernikako Batzarretxearen historia sakonago azaltzen da, Gernikako Arbolaren, demokraziaren, askatasunaren eta bakearen euskal sinboloaren babesleku delako”. Horrez gain, erakundeak “gizon eta emakumeen berdintasunaren alde egindako lana” azpimarratu du, baita herri tradizioa “sustatu eta berreskuratzearen alde” ospatuko duen Deiadar Mendien Eguna aipatu ere. “Gure lurraldeko erakunde zahar eta enblematikoenetako bat herritarren hurbiltzeko helburuagaz sortu da, erakundearen balio politiko, sozial eta kulturala zabalduz. Bizkaiko Batzar Nagusietan hartzen diren erabakiek eragin zuzena daukate herritarrengan. Hala ere, erakusketan ez da ikuspegi politikoa soilik erakusten, baita Batzar Nagusiek gordetzen duten ondare kultural aberatsa ere”, azpimarratu du Ana Otaduik.
Bestalde, Urtza Alkorta Arrizabalaga Ondarroako alkateak zehaztu du “oso garrantzitsua” dela erakundea eta haren baliabideak “herritarrei ezagutaraztea”: “Guretzat oso garrantzitsua da erakusketa Ondarroan izatea, eta are gehiago ibilbidearen azken geltokia izanda. Nondik gatozen jakin behar dugu, nora goazen jakiteko”.









































