Bosgarren bertso trama antolatu du Mutrikuko Gazte Asanbladak
Bihar [uztailak 3] egingo dute bertso saioa, Mutrikuko Gaztetxean, 22:30ean.
Bosgarren aldiz, bertso trama antolatu du Mutrikuko Gazte Asanbladak biharko [uztailak 3]. 22:30ean izango da saioa, gaztetxean, eta interesa duen oro gonbidatuta dagoela jakinarazi dute antolatzaileek. Horrez gain, sarrerarik ez dela beharko azpimarratu dute.
Andoni Rekondo, Libe Goenaga, Lurdes Ondaro, Txaber Altube eta Gorka Pagonabarraga igoko dira oholtzara bihar. “Inoiz ez dugu bertsolari kopurua finkatu, baina aurten, bosgarren bertso trama denez, bost bertsolari egongo dira saioan”. Hala, Gazte Asanbladak udako egitarauari hasiera emango dio biharko bertso tramarekin: “Datozen urteetan ere horrela mantendu nahiko genuke, uda hasieran, udako egitarauari hasiera emanez”.
Ez da ohiko bertso saioa izango; izan ere, bertso tramak badauka berezitasunen bat: “Gai konkretu bat jartzen da saio guztirako, eta bertsolari bakoitzak pertsonaia bat izaten du bertso saio guztian. Adibidez, pasa den urtean ezkontza izan zen gaia, eta gaztetxea ere ezkontza bat izango balitz bezala apaindu genuen. Umorea erdigunean daukan saioa da, eta jendeak oso ondo pasatzen du”.
Hala, Mutrikuko Gazte Asanbladatik “mundu osoa” gonbidatu nahi dute bihar gaztetxera: “Oso entretenigarria izaten da; beraz, etorri bihar gaztetxera udari hasiera eman eta bosgarren bertso tramarekin gozatzera”.