Juan Esteban Montoya eta Jon Lejardi: «Migranteen bizipenak oso ikusezinak dira hemen»
Icebergaren sakoneraino heldu, eta zortzi emakume eta genero disidente direnen ahotsak bildu dituzte Juan Esteban Montoya eta Cecilia Muñoz zuzendariek ‘Aldarriak’ dokumentalean, «babesleku, lurralde eta aldarrikapen bilakatzen diren» ahots tailer baten bitartez.

Argi eta garbi dute Juan Esteban Montoyak (1990, Txile) eta Jon Lejardik (1994, Bedarona) Aldarriak dokumentala «deseroso sentiaraztera» datorrela. Montoya dokumentalaren muntatzailea izateaz gain, zuzendaria da Cecilia Muñozegaz batera, eta Lejardi, ostera, dokumentalaren ekoizle exekutiboa eta ekoizlea da. Hala, zortzi emakumeren kontakizun pertsonalen bitartez, zortzi ahotsek «esperientzia migratzailearen muinera» eroango dute ikuslea.
Zer da Aldarriak?
Juan Esteban Montoya: Proiektu hau Voces que migran proiektuaren barruan sortu da. Ahots adierazpenaren inguruko tailer batetik jaio zen, migratu duten emakumeetan eta genero disidente direnengan pentsatuta. Tailer haren bitartez, parte hartzeaileek migrazio prozesuan izan dituzten zailtasunak azaltzen dituzte. Izan ere, askok ez dituzte adierazteko espazio seguruak, eta asmoa bizipen horiei ahotsa ematea zen, tailer baten bitartez. Bakoitzak bere bizipenak ditu, bere arazoak ditu, eta tailerrak egiten du errelatoa korala izatea. Lekeitioko eta inguruko herrietako zortzi emakumeren ahotsak dira, elkarrekin nahasten direnak dokumentalaren muntaiaren bitartez, eta Ines Osinagaren off ahotsak egiten du denen arteko lotura.
Zeintzuk gai lantzen dira dokumentalean?
J.E.M.: Kontatzen dena ez da berria, baina kontatzeko modua bai. Sei emoziorekin jolasten dugu: minetik abiatu; gero, amorrua dator; ostean, beldurra; azkenik, tristura, poza eta plazerra. Hala, filmaren egiturak kapitulu horiek ditu, eta ikusleari aldi berean bidaiatzeko gonbidapena egiten diogu. Gaiei dagokienez, besteren artean, etxebizitza, hizkuntza, lana aurkitzeko zailtasunak, paperak lortzea, zaintza eta erroldatzeko zailtasunak lantzen dira.
Eta, zergatik ahotsen tailer bat?
J.E.M.: Cecilia Muñoz eta ni gara filmaren gidoilari eta zuzendariak, eta gu Txilen ezagutu ginen, antzerkia egiten. 2023an aurkitu ginen berriro, eta elkarrekin zerbait egin nahi genuen; berak ahotsa landu nahi zuen, eta nik lurraldea. Ahotsa, gainera, pertsona zehatz batekin landu nahi zuen, Valentina Fuentes Duranekin, eta, azkenean, bera izan da tailerra egin duena. Tailerra pentsatzen ipini, eta aukera desberdinak tarteko, adierazpena lantzeko ikusten genuen beharrera heldu ginen; ahotsa errekurtso emozional bezala landu nahi genuen. Guretzat garrantzitsua da egiten dugun zineak zentzua izatea eta zerbaitetan eragitea, eta gaur-gaurkoz, tailerrean parte hartu zutenei beste hainbat bide ireki zaizkie; hori lorpen handia da guretzat.
Zeintzuk agertzen dira dokumentalean?
Jon Lejardi: Wanda Alzola, Lourdes Candia Sanabria, Erica Rizzonelli, Priscila Roque Pulido, Maylin Sardiñas Armenteros, Sandra Tobon Pineda, Alasne Elordi eta Elisa Alulima. Horiekin batera, Valentina tailerreko irakaslea izan zen.
J.E.M.: Hori da. Eta, zortzi emakume diren arren, puntu komun asko dituzte, eta gaietako batzuek asko eragiten dute herrian. Dokumentala deserosoa da lekeitiarrentzat nahiz hemengo euskaldunentzat. Izan ere, hemen badaude landu nahi ez diren gaiak. Migranteen bizipenak oso ikusezinak dira hemen.
Kritika soziala ere bada.
J.L: Bai, zalantzarik barik. Dokumental guztia da kritika soziala, hasieratik amaierara.
J.E.M.: Hori da. Aldarriak deitzea eta kritika soziala izatea guztiz bilatu dugun zerbait izan da. Ikusleengan ere eragin nahi dugu. Ikus-entzunezkoak halako mezuak zabaltzeko tresna moduan ikusten ditut nik. Gaur egun, edonork egin ditzake estetikoki politak diren irudiak, baina gure helburua irudi horiei zentzua topatzean zen.
Mezua ikuslearengana heltzeko beharrezkoa da deserosotasuna sortzea?
J.E.M.: Niretzat bai. Cecilia eta ni Txiletik gatoz, Txileko ikasleen belaunalditik, eta denbora nahikotxo pasatu dugu bertako egoera aldatu nahian. Uste dut hortik datorkigula egiten dugun denarekin topera joateko behar hori. Cecilia, era berean, gauzak oso zuzen erakustetik dator, eta bagenekien puntu horiek komunean genituela, eta dokumentalak, beraz, apelatiboa izan behar zuela.
Dena lotzen duen haria Ines Osinagaren ahotsa da, eta euskaraz egiten du. Hautu bat izan da?
J.E.M.: Bai, guztiz. Miren Agur Meaberen poesia bat da Inesek irakurtzen duena; poesia hori entzun nuenean, banekien horixe izan behar zela. Proiektuaren osotasunari dagokionez, nik banekien euskaraz egin nahi nuela, eta dena euskarazko ikuspuntu batetik egin dugu. Era berean, dokumentalak erakusten du euskara eta beste hizkuntzak elkarrekin bizi daitezkeela, oztopo izan barik.
J.L.: Bai, eta pelikulako testuak ere euskaraz daude. Ahots asko gaztelaniazkoak izan arren, euskara da ahots guztien elkargunea, eta hori poema horren bitartez lortzen da.
Dokumentala Lekeition aurrestreinatu zenuten. Zelan joan zen?
J.L.: Oso hunkigarria izan zen. Inork ez zeukan ikusita, eta guretzat une oso garrantzitsua izan zen, asko zaindu genuena. Uste genuena baino jende gehiago etorri zen, eta zinema aretoa ia bete egin zen. Feedback-a, gainera, oso positiboa izan zen. Barruraino heldu zitzaien askori, eta negar ere egin zuten hainbatek. Era berean, guri gehien axola zitzaiguna emakumeak gustura sentitzea zen, eta filma asko gustatu zitzaien.
J.E.M.: Bai, denak zentzua hartu zuen egun horretan, eta oso hunkigarria izan zen.
Aurrestreinaldia eginda, zeintzuk dira hurrengo pausoak?
J.E.M.: Dokumentala estreinatzeko prozesuan gaude. Funtzio bat ziurtatuta dugu Bilboko Alhondigan, baina festibal garrantzitsuren batean estreinatu nahi genuke filma. Dokumentalaren banaketa egitea da, agian, prozesutik gauza zailenetarikoa, eta diru asko eskatzen duena. Horregatik, diru bilketa abiatu dugu, baikoitzak nahi edo ahal duenaren ekarpena egiteko; euro batetik hasten dira ekarpenak, eta asko eskertuko dugu laguntza. Platinocrowdfunding.com/aldarriak/5126 web orrian sartu, eta hor daude ekarpenak egiteko moduak; ekarpenak egiten dituztenek opariak jasoko dituzte.