Txakurren eta familien lasaitasuna, Lasai Lekun
Txakurren ongizatea erdigunean hartuta, Maite Arkotxa Roblesek sortu berri du Lasai Leku. Bertan, hamar txakurrentzako erresidentzia eta eguneko zaintza zerbitzua eskaintzen ditu Arkotxak.

Bada leku bat Lekeitio inguruan, bertara heltzen den edonori lasaitasuna barruraino sartzen zaiona. Mendiz inguratuta, itsasoa begi bistan eta hiri nahiz herrietako abiaduratik aldenduta, Ispasterko Artika auzoan dago Lasai Leku. Pertsonentzako izan zitekeen arren, Maite Arkotxa Roblesek txakurrentzako erresidentzia eta eguneko zaintza zerbitzua sortu ditu, “txakurrei ahal den eta bizitzarik onena” eman ahal izateko.
Helburu argi batekin jaio zen Lasai Leku: “Hasieratik, nire helburua txakurrei espazio lasai bat ematea izan da. Txakurrak behar du txakurra izan. Estresatuta bizi gara gu, eta txakurrak ere bai azkenean. Beraz, txakurra hona ekarri, eta lasaitasuna eman nahi diet, gero etxera itzultzerakoan, lasai joan daitezen, bai txakurra, bai familia. Ordu batzuez txakurra hona ekartzea gauza handia da eurentzat”.
Hala, besteren artean, askatasuna, jolasak, mendi irteerak eta gainontzeko txakurrekin elkarbizitzea eskaintzen ditu Arkotxak Lasai Lekun. Erresidentzia, esaterako, urte guztian dago martxan, eta bezeroak beharrizana duen beste denbora utzi ahal da txakurra bertan. Eguneko zaintza zerbitzuari dagokionez, udaldian, Aste Santuetan eta antzeko beste opor egunetan izan ezik, gainontzeko urteko egun guztietan dago martxan. Azken hori, txakurren jabearen beharrizanen araberako zerbitzua da, eta besteren artean, laneko orduetan utzi eta lana amaitu ostean jaso ahalko da txakurra; haurtzaindegi baten funtzioa edukiko du, baina txakurrekin.
Gertuko tratua. Gaur gaurkoz hamar txakurrentzako tokia dago Lasai Lekun. Horrek tratu pertsonalizatua emateko aukera emango dio Arkotxari: “Txakurrentzako hamar toki ditut, eta txakurrek lo egiteko tokiei ateak ipini dizkiedan arren, ahal dudanetan ez ditut erabilikiko. Hamar txakurrentzako tokia edukitzeak tratu askoz ere pertsonalizatuagoa ematea ahalbidetzen dit”.
Izan ere, txakurren ongizatea dago erdigunean: “Helburua da txakurra ahal den eta lasaien egotea hemen, eta estresa kentzea”. Eta, lasaitasuna ez ezik, txakurrek beharrezkoa duten estimulua ere emango die Arkotxak: “Jolasak egitea, ibilaldiak, txakur gehiago ezagutu eta eurekin elkarbizitzea… hainbat onura ditu. Txakurrak guztiz humanizatzen ari gara, eta horren barruan, ahal den neurrian, txakurrak aske izateko halako aukera bat edukitzea sekulako aukera da”.
Eguneko ordu batzuk, egun guztia, nahiz hainbat egunetako zerbitzua eskaintzen ditu Arkotxak: “Lana egin behar dutenek txakurra etxean bakarrik utzi beharrean, ekarri dezakete hona ordu batzuez; asmo horrekin sortu dugu eguneko zaintza zerbitzua. Erresidentzian, ostera, utzi dezakezu txakurra hilabete edo gehiago ere. Bezeroen beharrizanetara moldatzen naiz, txakurra ahalik eta ondoen egon dadin”.
Bide luzea. Ilusioz betetako bidea egin du Arkotxak Lasai Leku sortzeko, baina proiektuaren sorrera ez zen horren erraza izan: “Lekeition lan egiten nuen enpresa ixtear zegoela jakin nuenean, nire bizitzarekin zer egin nahi nuen pentsatzen hasi nintzen. Eta hala, enpresa utzi, etxea saldu eta hau zabaltzea erabaki nuen. Nire bi alabek eta nik bizitza berri bati ekin genion”.
Pentsatu eta egin. Txakurren inguruko heziketa eta jokabide aldaketa ikasketak egin zituen Arkotxak. Erabakia hartu, ikasketak egin eta ordutik egindako bideak bi urte iraun dituen arren, Lasai Leku martxan ipini du Arkotxak: “Hiru urte inguru dira proiektuarekin pentsatzen hasi nintzela, eta heltzear dago horrenbeste lan egin dugun proiektua zabaltzeko eguna. Txakurrei dedikazio osoa eskaintzeko gogo handiarekin nago”.
Egun hori heldu da jada; izan ere, udaldiagaz batera, martxan dago Lasai Leku. Ezin ahaztu baina, bidean lagun izandako denak: “Dena guk egin dugu. Familian egin dugu etxea, nire neba biak egon dira lanean, nire alabaren aita ere bai, eta jende asko eduki dut honetan sartuta; jende ona tokatu zait inguruan. Auzokoek ere asko lagundu didate, eta sekulako giro ona daukat eurekin. Hau nire ametsa izan da, baina familiaren eta ingurukoen babesik gabe ezinezkoa izango litzateke”.
Hala, Arkotxagaz kontaktatu nahi dutenek, Ispasterreko Artika auzoan dago Lasai Leku, 1B helbidean. Era berean, 688 77 78 10 telefonora deituz, @lasai_leku_txakur_zaintza Instagram kontuaren bitartez nahiz maitearkotxa8@gmail.com helbide elektronikora idatziz heldu daiteke Arkotxarengana.