Markina-Xemeinek laugarrenez jarraian irabazi du Bizkaiko Herriarteko Esku Pilota Txapelketa

Joan den zapatuan [uztailak 5] jokatu zuten markina-xemeindarrek Bizkaiko Herriarteko Esku Pilota Txapelketa, eta laugarrenez jarraian, txapela eskuratuta itzuli dira etxera. Gernika-Lumoko Santanape frontoiak hartu zituen finalak, eta zeanuritarrei nagusitasunez irabazi zieten eskualdeko pilotariek.
Hiru mailatako finalak jokatu zituzten. Kadeteen mailan Albizuk eta Otxoantesanak 22 eta 4 irabazi zieten Kortazar eta Beobideri. Gazteen mailan ere, nagusitasunez irabazi zuten Markina-Xemeingo Esku Pilota taldekoek: Egurrola eta Arakistainek 22 eta 1 irabazi zieten Ozerinjauregi eta Egileor pilotariei, hamazazpi minutuko partida eginda. Azkenik, senior mailakoek apur bat gehiago izerditu behar izan zuten arren, ez zuten inolako arazorik eduki Etxeita eta Erkiaga mendean hartzeko: Agirremalloa eta Pujana 22 eta 12 gailendu ziren.
Bizkaiko Txapelketa irabazita, Euskal Herriko Herriarteko Esku Pilota Txapelketara begira daude markina-xemeindarrak. Gaur gaurkoz, Oiartzun (Gipuzkoa) eta Agurain (Araba) daude sailkatuta; azken sailkatua domekan [uztailak 13] erabakiko da, eta Leitzaren edo Irurtzunen artean dago irabazlea.