Ondarroako Gazte Asanbladak "askotariko" ekintzak antolatu ditu udako
Barikuetan Ondarroako Gaztetxea zabalik egongo da, "nahi duenak joateko".

Uda aprobetxatu eta herriko gazteak gaztetxera joateko helburuagaz, uztail guztiko egitaraua kaleratu du Ondarroako Gazte Asanbladak: “Gaztetxea espazio gisa aprobetxatu eta herriko gazteak bertara joateko, hilabete osoko egitaraua antolatu dugu. Honetarako, asanblada irekia deitu genuen eta gazte asko batu ginen. Bertan, bakoitzak zituen ideiak plazaratu, eta argitaratu berri dugun egitaraua osatu genuen”.
Hala, asanbladan ateratako ideiak kontuan hartuta, “gustura” gelditu dira emaitzagaz: “Oso ondo joan zen lehenengo asanblada, eta helburuak bete dira; izan ere, asanbladarekin ez genuen momentu horretako zerbait lortu nahi, hau da, bertaratutako jendeak hasitakoari jarraipena ematea nahi genuen, eta horrela izan da”. Gainera, egitarauan bertan publiko egin dute asanbladak martitzenetan egingo dituztela, 20:00etan, udalerriko gazteak parte hartu dezaten. “Horrez gain, eguaztenero lan egun bat jarri dugu, 20:00etan. Uda momentu ona iruditzen zaigu gaztetxea konpondu eta garbitzeko”.
Ildo beretik, uztaileko barikuetan gaztetxea zabalik egongo dela azpimarratu dute, eta Gaztetxi Ringitu gisa izendatu dute, “uda kutsua” izan dezan. “Barikuetako Gaztetxi Ringitoari zabalpena emateko, ekimen ezberdinak antolatu ditugu egitasmo honen baitan. Adibidez, bihar [uztailak 11] Olatz eta Aiza bikote ondarrutarraren kontzertua egongo da 19:00etan”.
Bestelako ekintzei dagokienez, gaur [uztailak 10] Xake tailerra egongo da, uztailaren 18an [barikua] baltsa jaitsiera, uztailaren 27an [domeka] bertso trama, eta uztailaren 29an [martitzena] mendi irteera. “Baltsa jaitsieran izena emateko bihar [uztailak 11] eta astelehenean [uztailak 14] gaztetxean egongo gara, 11:00etatik 13:00etara. Hala ere, egun eta ordu horietan ezin duenak, mezu baten bidez ere eman dezake izena”. Jaitsierarako baltsa prestatzeko uztailaren 16an [eguaztena] batuko dira gaztetxean.
Uztaileko egitaraua pasata, abuztuan ere ekintza ezberdinak antolatzeko helburua dute Gazte Asanbladako kideek: “Momentuz film laburren lehiaketa iragarri dugu, baina aurrerago zehaztuko ditugu gainerako ekimenak”.
Film laburren lehiaketa. Ondarroako Gazte Asanbladatik iragarri dutenez, abuztuaren 8a izango da azkenengo eguna film laburrak aurkezteko; ondarrukoga@gmail.com helbidera, edo egunean bertan USBan . Egunean bertan proiektatuko dituzte lanak gaztetxean, eta epaimahaia publikoa izango dela jakinarazi dute. Baldintzei dagokienez, bi eta zortzi minutu bitartean iraun beharko du piezak, eta ondorengoak izango dira film laburrean agertu beharko diren elementuak: gazte eguneko kamiseta, kalatxori bat, eta “zortziretan asanbladi akat” esaldia.