Uda kulturaz bustitzera dator Aulestiko 'Kultur saltsi' egitasmoa
Bihar [uztailak 11] emango diote hasiera udako 'Kultur saltsi' egitasmoari Aulestin irakurketa txokoagaz.

Uda sasoian Aulesti kulturaz busti eta bertoko kulturgile zein artistei plaza eskaintzeko helburuagaz, Kultur saltsi egitasmoa antolatu du Aulestiko Kultura Batzordeak, udalagaz elkarlanean.
Hala, bihar [uztailak 11] emango diote hasiera irakurketa txokoagaz. 19:00etan jarri dute hitzordua, parkean, eta Ana Malagonen Lasai ez da ezer gertatzen liburua landuko dute: “Irakurketa taldeak herrira zabaltzeko pausoa eman nahi izan du, herritarrak erakartzeko. Horretarako, liburu mota ezberdinak aukeratu dituzte, denen gustuetara egokitzeko, eta gainera, saio bakoitza herriko leku ezberdinetan egiten dute. Biharkoa parkean izango da, giro ederra aprobetxatzeko”.
Uztailaren 15ean [martitzena] izango dute bigarren hitzordua aulestiarrek, Gernika-Lumoko NAZ taldearen kontzertuagaz. 19:30ean batuko dira parkean.
Aurten, gainera, berritasunekin dator egitasmoa; izan ere, lehenengo aldiz bakarrizketa bat egongo da Kultur saltsiren baitan. Maria Blanco eta Amaia R. de Galarretak eskainiko dute saioa uztailaren 22an [martitzena] 19:30ean, Ubilla tabernan. Hurrengo egunean [uztailak 23] umeen txanda izango da, eta Leaktibairen eskutik, ume eta gazteentzako jolasak egongo dira, 17:00etan, parkean.
VII. Argazki Rallyak emango dio amaiera egitasmoari. Uztailaren 26an [zapatua] egingo da, eta Ubillan hasiko da, 11:00etan. Bertan, gaien banaketa egingo dute antolatzaileek, eta zapatuko 00:00ak baino lehen kultura@aulesti.eus helbidera bidali beharko dira argazkiak. Irabazleak Ainhoa janari dendan gastatzeko 50 euroko bonua lortuko du.