Alvaro Sansano, Markina-Xemeinen garaile
Markina-Xemeinek gazte mailako Bizkaiko Itzuliaren lehen etapa hartu du, eta Cafes Baqué etxeko Alvaro Sansano izan da bizkorrena.

Markina-Xemeinek 30. Bizkaiko Itzuliaren lehendabiziko etapa hartu zuen eguaztenean [uztailak 9], 16:30ean hasirik. Gazte mailako Bizkaiko itzulirik esanguratsuena da Bizkaiko Itzulia, eta horren erakusle irteera lerroan egondako parte hartze esanguratsua: 29 taldetan banaturiko 169 ziklistaz osaturiko maila handiko tropelak hartu zuen irteera. Ibilbide gogorrari aurre egin behar izan zioten: bihurgunetsua eta koskaz josia. Besteren artean, Miloiko eta Gontzugaraiganeko mendateak igo behar izan zituzten. Hlemugan, Cafes Baqué etxeko Alvaro Sansano izan zen azkarrena.
Irteera hartu bezain pronto, erasoaldiak hasi ziren; hogeigarren kilometrora arte ez zen ihesaldi egonkorrik sortu. Eguneko ihesaldiak ondorengo protagonistak eduki zituen: Lier Maguregi (L2 Informática), Joel Munte (Purito Cycling), Vicotr Meunier (NAQ) eta Arnau Gonzalez (Ayuso Team). Minutua inguruko aldearekin igaro zituzten hala Gontzugaraiganeko lehendabiziko pasaera, nola helmuga eremukoa. Ondoren, tropelaren ezusteko une bat bikain zukutuz, Sansanok, Camilo Monroyk (Bath Cycling Club) eta Oscar Vilak (Fundación Teika-Gsport) atzetik aurrerako bidea egin zuten, eta lasterketa burua harrapatu; zazpi laguneko taldetxoa eratu zuten.
Alimco-Campagnolo taldeak ihesaldia harrapatzeko lanaren ardura hartu behar izan zuen tropelaren buruan, baina ez zuen lortu. Izan ere, Gontzugaraiganeko azkenengo igoeran Sansanok erasoaldi gogorra jaurti zuen, eta bakarkako bideari ekin zion. Ziortza-Bolibar eta Iruzubietatik bakarrik igarota, Markina-Xemeingo helmugarainoko bidea egin zuen valentziarrak. Azkenean, 21 segundoko aldea lortu zuen jarraian helmugaratu zen taldetxoarekiko. Talde haren buruan iritsi ziren, hurrenez hurren, etaparen podiuma osatu zuten Xavier Mestre (AYU) eta Killian Lamargot (Nouvelle-Aquitaine).