Egunotan egongo da zer ikusi Habixi elkargunean
Habixi elkarguneak Oier Guillanen liburu aurkezpena eta 'Igelak' filmaren proiekzioa antolatu ditu, hurrenez hurren, gaurko [uztailak 11] eta martitzenerako [uztailak 15].
Martxan dirau Munitibarko kulturzaleen aterpe berriak: Habixi elkarguneak. Hain zuzen, egitasmo berri biren berri eman du bertako lantaldeak, eta lehendabizikoa gaur bertan [uztailak 11] egingo dute. Oier Guillan idazle, kazetari eta antzerkigile errenteriarrak Aztitza bere azken obra aurkeztuko du, osteko solasaldiagaz lagunduta; elkarguneko barra ere zabalik egongo dela iragarri dute. Guillan, hain zuzen ere, Munitibarren eta Lea Ibarreko beste zenbait udalerritan ibili da, Geuretik Sortuak sormen beka tarteko, bere hurrengo lana izango dena prestatzeko eta horren dokumentazio beharretarako.
Gaurkoan, baina, 11 pieza laburrez osaturik dagoen eta “enpatia politikoaren aldarri” den lana argitara emango du Habixin. Susa-Ehazeregaz argitaratu du Aztitza denetariko generoetan sormen ibilbide oparoa duen idazle gipuzkoarrak; hala, munitibartarrak nahiz aurkezpenera bertaratzen direnek egilearen azalpen zein hausnarketak bertatik bertara ezagutzeko parada edukiko dute, 19:00retan hasita.
Elkarguneak atonduriko bigarren ekimena martitzenean [uztailak 15] izango da, 22:00etan, herriko plazan. Kale zinema saioa prestatuko du Habixiko lantaldeak, eta Igelak filma proiektatuko dute. Zazpi urtetik gora dituztenei zuzendutakoa izango da, eta aurreratu dute gura duenak krispetak erosteko aurkera ere izango duela. Igelak 2016an kaleratutako filma da, Patxo Telleria bilbotarrak ondua, musika ukituak dituen eta hausnarketarako bidea zabaltzen duen euskal komedia. Esopo greziarraren Eskorpioia eta igela fabula edo alegia du oinarri. Antolatzaileek herritarrei bi ekimen horiez gozatzeko eta parte hartzeko bertaratzera deitu dituzte herritarrak.