Beste urte batez, Karmen jaietako Kuadrillen Egunak Zelaia bete du
2.885 lagun elkartu dira gaur [uztailak 12] Karmen jaietako Kuadrillen Eguna ospatzeko. Ostean Herritxoua egin dute, eta zortzi partaide eduki ditu; talde irabazlea Suzko Gameluak izan da, eta bakarlaririk onena, Iban Mendizabal. Publikoaren saria banatu dute lehenengoz, eta Sekulo Holakoik taldeak irabazi du.

Eguraldiari begira egon dira Markina-Xemeingo Jai Batzordeko kideak asteon, eta gaur [uztailak 12] zalantzati egon diren arren, Kuadrillen Eguna dena emanda ospatu ahal izan dute.Â
Eguzkitan batzuk, itzaletan besteak, 14:00ak ingururako mahaiaren bueltan elkartu dira herritarrak, eta kuadrilla bakoitzak bere paella bazkaldu du. Egun “berezia” omen da herritarrentzat, eta argi utzi dute bertaratu direnek: “Kuadrilla guztia elkartzen den eguna da, eta jaietako egunik politenetakoa da guretzat. Berezia izaten da”. Goizean-goizetik lanean aritu denik egon da, baina baita azken momentuan paella egin duenik ere. Hala, 2.885 lagun batu dira gaurko herri bazkarian; ia-ia, iazko 2.900 pertsonako marka gainditu dute markina-xemeindarrek. Goiza eta eguerdia, gainera, herriko trikitilariek alaitu dute.
Bazkalostean jaiak ez du etenik izan. Herritxouari 16:30ean eman diete hasiera Abarka Antzerki Taldekoek, bi kategoriatan banatuta: taldekakoa eta bakarkakoa. Guztira zortzi parte hartzaile egon dira aurten, eta giro ederra ipini dute denek ere. Herritarrei dantzan ipini diete batzuek, eta barrezka, beste batzuek. Hala, bakarlariei dagokienez, Iban Mendizabalek irabazi du, eta Mari Carmen geratu da bigarren; hirugarren saria, aldiz, Jose Maderarentzat izan da. Taldeka, Suzko Gameluak taldea izan da irabazlea, eta Sekulo Holakoik bigarrena. Hirugarren postuan Olgetan, laugarrenean Txirimirixek eta bosgarrenean Buztans taldeak geratu dira.Â
Urteroko sariak ez ezik, aurten sari berezi bat ere banatu dute: publikoaren saria. Udal ordezkariek azaldu dutenez, Haur eta Gazte Kontseiluko kideek egindako iradokizuna izan da publikoaren saria gehitzea, eta hala, udal taldeak ekarpena aintzat hartu, eta gaur, lehenengoz, herritarrek ere botoa emateko aukera eduki dute. Guztira 960 boto inguru jaso dituzte, eta irabazleek hiru botoren aldeagaz lortu dute garaipena. Hala, 203 boto lortu ditu Sekulo Holakoik taldeak, eta 200 boto, Suzko Gameluak taldeak. Hirugarren Txirimirixek taldea geratu da, 169 botogaz.
Herritxouagaz amaituta, musika aukeran eduki dute herritarrek: Mugi Panderoa erromeria egon da Zelaian, eta Gotx Elektrotxaranga, herriko kaleetan zehar. 22:30ean, ostera, Süneren kontzertua egongo da Zelaian.











































































































































































































































































































































































































































