Finalistak, argitze bidean
Ihart Arakistain-Oaia Otaño eta Xabier Barandika-Ion Ibarluzea bikoteak gailendu dira Mutriku Master Series txapelketaren lehen jardunaldian.

Abian da Mutriku Master Series txapelketa, eta zelan gainera. Estreinako aldiz Jai Alai Ligarako puntuagarria da Mutrikuko lehiaketa, eta, beraz, egungo puntistarik onenetako zenbait elkartu ditu. Lehendabiziko jardunaldia igarota, bigarrenaren zain daude pilotazaleak, hilaren 25eko final handietara zeintzuk sailkatuko.
Bariku honetan iritsiko da txapelketak gordetzen duen une gailurretako bat. Urte eta erdia inguruko tartean min hartuta egon ondoren, etxeko izar Eneritz Lizardi kantxara bueltatuko da, goi mailako lehiaketa ofizial batean. Gainera, berme handiko bikotekideak gordeko dio bizkarra: Maite Ortiz de Mendibil andetxarrak. Ikusi beharko da faborito izatea zelan kudeatu dezaketen, batetik, eta alde fisikotik nahiz konfiantzari dagokionez Lizardi zelan itzuliko den, bestetik. Oihana Sorozabal iruindarra eta Maia Goikoetxea berriatuarra izango dituzte aurkari Miruaitzen, 20:00retan hasita. Gizonezkoen partiduak etxeko puntista bi elkarren aurka jarriko ditu, markina-xemeindar banak lagunduta: Eñaut Urreistik Jon Bullet Zabala izango du alboan; bere herrikide Mikel Mantzisidorrek, berriz, etxeko grand slama patrikaratu berri duen Alex Goitia.
Lehen jardunaldian, lehia handia egon zen hala emakumezkoen, nola gizonezkoen partiduetan. Bietatik estuena, inondik inora, Elaia Gogenola berriatuarra eta Mercadié Romane okzitaniarra Ihart Arakistain sopeloztarraren eta Oaia Otaño mutrikuarraren aurka elkartu zituena izan zen. Lehendabiziko setean, azken biek garaipen estua baino estuagoa lortu zuten, tanto bakarragatik nagusitu baitziren: 14 eta 15. Bigarrenean, baina, egoera iraultzeko gai izan ziren Gogenola eta Romane, ozta-ozta izanik ere; 15 eta 13ko markagailuarekin lortu zuten berdinketa.
Partidua, beraz, hirugarren setean erabaki behar izan zuten, eta berdinketa hauste hartan Arakistain eta etxeko puntista Otaño izan ziren nagusi, 3 eta 5 irabazita. Garaipen apart harekin, finalerako sailkapena poltsikoratu zuten.
Gizonezkoen lehiari dagokionez, beste mutrikuar bat kantxaratu zen, txapelketa jokatzen ari dira bostetatik: Ekaitz Mendizabal Goixerri. Aurrelariak Julen Del Rio gasteiztarra izan zuen bikotekide. Aurrez aurre eduki zuten bikotea ez zen ahuntzaren gauediko eztula izan: Xabier Barandika gernika-lumotarraren eta Ion Ibarluzea markina-xemeindarraren kontra neurtu behar izan zituzten indarrak.
Bikote hark bere hautagaitza probestu zuen, eta lehen seta patrikaratu: 15 eta 13. Goixerri eta Del Rio ez zeuden amore emateko prest, eta estu hartu zituzten Barandika eta Ibarluzea, baina beraien mailak dezente egin zuen behera bigarren setean. Egoera hartan, gernika-lumotarrak eta markina-xemeindarrak ez zuten abangunea alferrik galdu, eta 15 eta 7ko markagailu erosoagoarekin gailendu ziren, finalera sailkatzea lortuz. Finala, hain zuzen ere, hilaren 25ean jokatuko dute.