Garraitz irlako "altxorrak eta bitxikeriak" ezagutzeko aukera egongo da uztailaren 21ean
Lekeitioko Denboraren Bankuak antolatuta, astelehenean [uztailak 21] ordu eta erdi inguruko ibilaldia egingo dute Garraitz irlan barrena. Parte hartzeko izena eman behar da.
Lekeitioko Denboraren Bankuak ikasturteko azken ekintza egingo du astelehenean [uztailak 21], eta “berezia” izango dela adierazi dute. Izan ere, Garraitz irlako sekretuak ezagutzeko ibilbidea egingo dute.
19:30ean, itsasbeherarekin batera, hasiko dute ibilaldia, Uribarren parkeko karakol eskaileretatik hasita. Azaldu dutenez, ordu eta erdi inguruko ibilaldia izango da, eta irlako indusketa arkeologikoen auzolanaren koordinatzaileak, Atabaka Kultur Elkarteko kide batek, gidatuko du: “Aranzadi Zientzia Elkarteak aztertzen jarraitzen dituen aurkikuntzak eta testuinguru historikoa azalduko dituzte, baita fauna eta floraren aberastasuna ere”. Amaieran, gainera, ilunabarra “toki oso berezi batetik” ikusiko dute.
Antolatzaileek oinetako aproposak eroateko deia egin dute. Parte hartzeko izena eman behar da 648 51 17 41 telefonora deituz.