Gure Ametsa dantza taldea: "Gaur bezalako osasuntsu jarraitu nahi dugu beste hamar urtez"
Kultur ekitaldi nahiz jaiegunetan presentzia handia dute Gure Ametsa Dantza Taldekoek Mutrikun, eta duela 60 urte taldea sortu zutenetik gaur arteko bidea beti erraza izan ez den arren, "osasuntsu" dago taldea. 60. urteurreneko ekitaldia atzean utzita, "lasai" aterako dira herritarrekin batera dantzan egitera Malen jaietako larrain dantzan.

1965ean taldea sortu, eta 1966ko maiatzaren 1ean lehenengo emanaldia eskainita, hamaika izan dira Mutrikuko Gure Ametsa Dantza Taldeak ordutik eskaini dituen emanaldiak. Herritar ugarik musu-truk egindako lanari esker, taldeak haren unerik txarrenetatik ere ateratzea lortu zuen duela 20 urte, eta Idoia Basterretxea Esnaolak eta Irene Galarraga Arrietak ziurtasunez diote gaur egun taldea «ezin osasuntsuago» dagoela. Herriko kultur ekitaldi ugaritan presentzia handia du Gure Ametsak, eta Malen jaietan ere izango dira, astelehenean, larrain dantza herrikoia egiten.
60 urte betetzen ari zarete aurten, eta taldearen sorreratik ez bazaudete ere, aldaketa ugari biziko zenituzten, ezta?
Idoia Basterretxea Esnaola: Ni hasi nintzenean talde indartsua zen: euskal mugimendua oso indartsu zegoen, eta euskal jai askotara joaten ginen. Baina, 40 urte bete genituenean, beherakada handi bat egin zuen dantza taldeak, interes gutxi zegoen herrian. Horregatik, 40. urteurrena egin genuen, ikusten genuelako zerbait egin behar zela hori indartzeko, eta beste hamar urtez mantentzea lortu genuen.
Irene Galarraga Arrieta: Ni 2005. urtean sartu nintzen taldera, eta urte batzuen ostean, momentu batean zaharrenak 16-21 urte bitartekook bihurtu ginen, eta zerbait egin behar genuela ikusten genuen. Hala, 2019an egin genuen lehenengo ekitaldia, Malen jaietan, eta hortik aurrera urtero joan zaizkigu aukerak sortzen: Korrontzirekin, Sonakay-rekin, Sorotan Belerekin… Ordutik, zerbait desberdina eskaintzen saiatu gara, euskal dantzei herrian bultzada emateko.
Zerbait desberdina diozuenean, zer da?
I.B.E.: Betiko dantza tradizionaletatik pixka bat aldendu egiten gara orain, nahiz eta umeei dantza tradizionalak irakasten jarraitzen dugun, noski. Gure oinarri denak, dantza eta pauso denak, betiko dantzetako pausoak dira, nahiz eta gero beste musika eta arropa batzuekin dantzan egin.
I.G.A.: Bai, alde horretatik, betiko pausoak dira denak, agurrekoak, zinta dantzakoak, sagar dantzakoak… Aldatu eta modernizatu dugun gauza bakarra da lehenago nesken eta mutilen dantzak bereizi egiten zirela, eta orain ez. Denek dantza guztiak ikasten dituzte, bereizketarik gabe.
Eta modu horretan, lortu duzue duela 20 urteko egoerari buelta ematea?
I.B.E.: Orain 40. urteurrenean egongo banintz, ez nuke inola ere taldea orain dagoen bezala imajinatuko, ezta zoratuta ere. Duela 20 urte oso estu geunden, eta taldeari eusteko zerbait egiteko beharra zegoen. Orain taldea non dagoen ikustea sekulakoa da.
I.G.A.: Nik neuk 2019an bertan ere, ez nuen imajinatuko 60. urteurrenean plaza horrela bete zitekeenik.
“Lan ikaragarria egiten da, eta pena da ekitaldiak prestatu, eta gero behin bakarrik eskaintzea”.
60. urteurrena goi-goitik ospatuta, Malenetako larrain dantza zelan hartuko duzue?
I.G.A.: Lasai gaude horrekin. Edonork parte hartu dezake, eta gu dantza taldeko kide moduan joaten gara. Urte guztian erromeria ikastaroan egon direnek ere parte hartzen dute, eta polita izaten da herria dantzan ikustea.
Osasuntsu dago taldea?
I.B.E.: Bai. 80 ume eta 40 gazte ditugu; inguruko herriekin alderatuta, oso indartsu gaude. Uste dut giltzarria apur bat modernizatzea izan dela, eta ez bakarrik betiko horretan geratzea.
I.G.A.: Bai, ikusleari ere beste zerbait eskaini behar zaio. Euskal dantzak mantendu, zalantzarik gabe, baina gehigarriekin. Eta taldeari dagokionez, ezin hobeto gaude; arazoa irakasle falta da.
I.B.E.: Bai… Musu-truk egiten den lan bat da, eta dedikazio eta ardura asko eskatzen duena.
Dantza irakasle izateak lan asko eskatzen duen arren, gero ikusten al duzue herriaren erantzuna?
I.B.E.: Orokorrean, lan boluntario hori eskertzen duen herria da Mutriku. Zorionez, Mutrikuko kultur taldeetan jende asko ibiltzen da, eta lan handia egiten dute; uste dut herritarrak kontziente direla horretaz, eta asko eskertzen dutela.
I.G.A.: Bai, eta umeak ere kontziente dira boluntarioak garela eta musu-truk aritzen garela lanean. Gainera, herritarrak ere beti etortzen dira sekulako lana egiten dugula esanez.
I.B.E.: Eta ikusten dutenaz gain, kontziente dira atzetik ere lan asko dagoela eta ez dela egun bateko kontua. Asko eskertzen dugu herriaren erantzuna.
Gure Ametsa dantza talde soil bat baino gehiago da?
I.B.E.: Bai, familia bat da. Horrenbeste urte elkarrekin egonda, nik beti esaten dut beste bederatzi alaba ditudala, baita bidean geratu diren beste hainbat ere.
I.G.A.: Ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin, eta horrek lotura estua sortu du gure artean. Polita da, gainera, irakasle eta ikasleen arteko lotura ere ikustea, gure artean zelako konplizitatea sortzen den ikustea.
Epe motzera begira, ze erronka dituzue?
I.G.A.: Duela bi urte egin genuen filmetako soinu banden emanaldia, esaterako, beste herri batzuetara eroatea gustatuko litzaiguke. Ez dugu asmo handiegirik, baina, adibidez, inguruko herrietan eskaintzea gustatuko litzaiguke. Ez gara profesionalak, dena xumetik egiten dugu, baina polita izango litzateke inguruan emanaldiak eskaintzea.
I.B.E.: Bai, lan ikaragarria egiten da, eta pena da ekitaldiak prestatu, eta gero behin bakarrik eskaintzea.
I.G.A.: Saiatuko gara 70. urteurrenean ere egoten. Oraintxe bertan indartsu gaude, eta erronkarik handiena horrela mantentzea da, beherakadarik gabe.
I.B.E.: Gaur bezalako osasuntsu jarraitu nahi dugu, gutxienez, beste hamar urtez; ez da erraza izango, baina saiatuko gara.