Kultura berriak ezagutzeko aukera egongo da zapatuan Markina-Xemeinen
Markina-Xemeingo Dianghat Diembering elkarteak Kultur Eguna ospatuko du zapatuan [uztailak 19], 12:00etatik 22:00etara. Sarrera doakoa izango da, eta musika eskaintzaz gain, Diembering herriko jaki tipikoak dastatzeko aukera egongo da.
Karmen jaiak atzean utzita, kultur jaian murgilduko dira zapatuan [uztailak 19] Markina-Xemeinen. Dianghat Diembering elkarteak antolatuta, Kultur Eguna ospatuko dute 12:00etatik 22:00etara, Bekobenta kalean.
Fidelle Diatta elkarteko kideak azaldu duenez, jaiaren helburua Senegalgo Diembering herriko kultura markina-xemeindarrei erakustea da: “Elkarteko denok Diembering herrikoak gara, eta urtero egiten dugu halako jai bat, bai gu herrian integratzeko, eta baita herritarrei ere gure kulturaren berri emateko”. Hala, DJ Niakassi artista gonbidatua egongo da, eta baita DJ Ansou ere. Era berean, Diemberingeko plater tipikoak dastatzeko aukera egongo da, sei euroren truke. Gaineratu dutenez, Mandengueneko emakumeak ere gonbidatu dituzte jaira: “Ez gara herri berdinekoak, baina eurek ere elkarte bat dute, eta aitortza egiteko modu bat izango da”.
Bertaratzeko deia egin diete herritarrei nahiz inguruko herrietako biztanleei: “Sarrera doakoa da, eta denak daude gonbidatuta. Kulturak trukatzeko modu bat da hau; guk ikusten ditugu herriko kultur ekintzak eta ezagutzen dugu hemengo kultura, eta eurek ere gurea ezagutzeko antolatzen dugu egun hau”.
Elkartea. Gaur gaurkoz, Diembering herriko 40 lagun dira elkarteko kide. Diattak azaldu duenez, 2018ko maiatzetik ari dira martxan modu ofizialean: “Diemberingetik etorri ginenean, pertsona batek gure artean ezagutu eta loturak egiten lagundu zigun. Gure artean elkartzen ginen, eta denbora batera, Diemberingeko jende gehiago etorri zenean, elkarte bat sortzea pentsatu genuen. Ordutik, urtero antolatzen dugu ekintzaren bat”.