Jendetza batu da Malen jaietako Kuadrilla egunean
Kuadrilla eguna ospatzen dabiltza gaurkoan [uztailak 24] mutrikuarrak. Bihar [uztailak 25] emango diote amaiera Malen jaiei, Santixo egunarekin.

Goizeko lehen orduetako protagonista euria izan bada ere, eguerdia heldu orduko agertu dira lehen eguzki izpiak Goiko plazan. Hala, kolore guztietako alkandorak soinean, giro ederrean hasi dute Kuadrilla eguna mutrikuarrek.Â
Urtero legez, futbito txapelketarekin eman diote hasiera egunari, eta Goiko plazako herritar guztiek bertan jarri dute begirada. Izan ere, ez da ohiko txapelketa izaten Mutrikuko Malen jaietakoa; bi talde eta baloiaz gain, zezen bat ibiltzen da alde batetik bestera. Guztira, zazpi taldek parte hartu dute lehiaketan.Â
Bitartean, Latuna Bando txarangak inguruko herritar guztiak dantzan jarri ditu, eta 15:00ak arte ibili da Mutrikuko kaleetan zehar; umore ona eta musika inguruko guztiengan zabalduz. Behin txarangaren ikuskizuna amaituta, bazkaltzeko ordua heldu zaie herritarrei, eta Bizixo jai konpartsak antolatuta, bazkaltzeko espazioa egon da txosnagunean.Â
18:00etan, tradizio legez, sokamuturra egongo da Mutrikun, eta ordu berean, DJ Wendi eta MJPQ egongo dira Zubixa tabernan, Eginahala elkarteak antolatuta. Ondoren, txosnagunera lekualdatuko da jai giroa, eta Gozzue taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute bertaratuek.Â
Gauean ere, egongo da zertaz gozatu Mutrikun; izan ere, 22:30ean Süneren kontzertua egongo da Goiko plazan, eta 23:30ean Laket erromeria taldea igoko da txosnaguneko oholtzara. DJ Juseff musika jartzaile ondarrutarrak emango dio amaiera Kuadrilla egunari.Â
Santixo eguna, azkena. Bihar [uztailak 25] ospatuko duten Santixo egunarekin batera emango diote amaiera mutrikuarrek Malen jaiei. Hala ere, nahiz eta azkena izan, egun guztiko egitarauaz gozatzeko aukera izango dute. Arte eskolaren eskutik, urteroko pintura lehiaketarekin emango diote hasiera egunari 10:00etan, eta 14:00etan banatuko dituzte sariak Zabiel kultur etxean. Baina aurretik, 13:00etatik hasita, okela eta Sagarmiña txakolin dastaketa egongo da Goiko plazan.Â
18:00etan Kukai dantza konpainiak Euskorleans ikuskizuna eskainiko du Goiko plazan, eta ondoren, 19:30ean, bertso saio musikatua egongo da txosnagunean, Bizixo jai konpartsaren eskutik. Malen Aldalur arituko da gai jartzaile lanetan, eta Manex, Onintza eta Gari izango dira musikariak. Bertsolariei dagokienez, Maddi Ane Txoperena, Amaia Iturrioz, Maddi Sarasua eta Aroa Arrizubieta igoko dira oholtzara.Â














































































































































































































