Peru eta Euskal Herriaren arteko zubia eraikiz
Ondarroako Tupay Elkarte kultural perutarrak Peruko Aberri jaia ospatzeko eguna antolatu du uztailaren 26rako.
Ondarroako Tupay Elkarte kultural perutarrak Peruko Aberri jaia ospatzeko egitarau zabala antolatu du zapaturako [uztailak 26]. Peruren independentzia aldarrikatu eta komunitate perutarraren eta euskaldunaren arteko zubia eraikitzea helburu izanda, Itsasaurren batuko dira goizeko 11:00etarako. “Musika, dantza, gastronomia eta kolorez betetako eguna izango da; komunitate perutarraren eta euskal komunitatearen loturak estutzeko aukera paregabea”. Hala, joan den urteko balorazio “positiboa” eginda, aurtengo Peruko Aberri jaia ospatzeko prest dago Tupay Elkartea.
Kultura eta gastronomia erdigunean jarrita, ekintzaileen azokarekin emango diote hasiera egunari. Bertan, Peruko janariak dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, baita produktuak erostekoa ere. Ondoren, 11:30ean, dantza ikuskizuna eskainiko dute.
Arratsaldean, umeentzako ikuskizuna egongo da Itsasaurren, eta ondoren, oilasko errea salduko dute. 18:00etan musikak hartuko du protagonismoa; izan ere, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera egongo da, orkestraren eskutik.