"Organoa ez da elizakoa bakarrik, gure ondarea da"
Musika emanaldi batean sortu zitzaion jakin-minak bultzatu zuen Mikel Ansola organo-jotzailea bere ibilbidea abiatzera; gaur egun, kontzertuak eskaintzeaz gain, musika proiektu ezberdinetan dabil buru-belarri.

Nola ezagutu zenuen organoa?
Kontzertu baten testuinguruan izan zen, Markina-Xemeinek 2011z geroztik egiten den Xemeingo Gauan. Dantza taldea, banda eta abar egon ziren, eta organoaren tarte bat egon zen. Musika ekitaldian ‘instrumentu horrek merezi du’ edo ‘zergatik ez gara hurbilduko instrumentu horretara’ pentsatu nuen. Esango nuke lehenengo hurbilketa kontzertu formatutik datorrela.
Segituan erabaki zenuen jotzen ikasi nahi zenuela?
Bai, beste edozein instrumentugaz moduan, berdin-berdin. Arraroagoa ematen du, baina keba! Ume bat lehengusuaren biolin kontzertua ikusten doa, eta hor entzuten du lehenengoz, eta ‘zergatik ez?’ pentsatuko du. Ba berdin-berdin, egoera nahiko antzekoa da, edo horrela ikusten dut nik behintzat.
Zerk egiten du organoa berezi?
Aukera asko eskaintzen dituen instrumentua da: soinu leunetatik soinu indartsuenetara arte. Erregistro guztiak ateratzen direnean bolumen handia har dezake, baina oso soinu xamurrak ere bai. Beste puntu erakargarri bat da instrumentu bakoitza ezberdina izatea. Organo bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta horrek jotzailearentzat erronka eta xarma berezia dakar.
Zein dira organoen arteko alde nagusiak?
Ezberdinak dira garaiaren, estetikaren, herrialdearen eta tamainaren arabera. Hainbeste parametro daude… Kuttunena esatea oso zaila da, azken urteetan pila bat ezagutu ditugu eta guztiak dira bereziak.
Erabiliko duzun instrumentua ez ezagutzeak urduritasuna sortzen al du?
Bai, badu urduritasun puntu bat. Batzuetan instrumentua egoera onean dago eta nahi duzun guztia ematen dizu. Beste batzuetan, ez horrenbeste. Instrumentu bakoitzak bere estiloa eta errepertorioa eskatzen du, eta horrek prestakuntza eskatzen du.
Non praktikatzen duzu egunero?
Stuttgarten egon naiz lau urtez eta han unibertsitatean 11 organo genituen. Oso testuinguru berezia zen. Hemen, berriz, elizetan praktikatu behar da; orain Markina-Xemeinen nago berriro eta elizan bertan aritzen naiz.
Nolakoa da musika klasikoaren eta organoaren egoera Euskal Herrian?
Uste dut hurbiltasun puntu bat falta dela. Ez gara gehiegi hurbildu musika klasiko edo organora, eta askotan ez dugu aukerarik ematen. Egia da badirela gazteei zuzendutako ekimen batzuk, baina oraindik egiteko asko dago.
Zure ustez entzule formalarekin lotzen da gehiegi musika klasikoa?
Bai, hori ere badago. Musika klasikoa askotan garestitzat jotzen da, baina ez da beti horrela. Adibidez, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa ikusteko gazteentzako sarrerak ez dira hain garestiak. Hala ere, aurreiritzi asko dago.
Gaur egun organorako konposatzen da?
Bai, oraindik idazten da organorako eta organo berriak ere egiten dira. Ondare historikoa garrantzitsua da, baina musika bizirik dago eta sortzen jarraitzen da.
Zein da Euskal Herriko organo ondarearen egoera?
Aberatsa da, batez ere XIX. mendeko organo frantsesetan. Aristide Cavaillé-Coll bezalako egile ospetsuen instrumentuak ditugu hemen. Eta garrantzitsuena: egoera originalean daude oraindik, eta hori oso berezia da nazioarteko organisten begietara.
Zergatik da garrantzitsua organoak zaharberritzea?
Elizetan egon arren, gure musika ondarea dira. Askok ez dute ulertzen, baina instrumentuak zaindu egin behar dira, bestela galtzen dira. Ez badugu guk egiten, inork ez du egingo.
Musika Haizea proiektua ere bultzatu duzu. Zer da zehazki?
Maddi Txurrukagaz batera antolatu dugu, eta udalaren babesarekin. Aurten seigarren urtez egingo dugu. Helburua da herrira mota guztietako kontzertuak ekartzea: organoa, jazza, talde koralak… Erantzuna oso ona izan da, eta herriko leku ezberdinetan egiten ahalegintzen gara.
Zein dira zure hurrengo proiektuak?
Euskalduna Jauregiko organo kontzertuetan koordinazio lanetan nabil. Hiru kontzertu egingo dira han eta horien antolaketan buru-belarri ibili gara. Nik neuk hurrengo kontzertua Leongo katedralean emango dut urrian.