Erasorik gabeko San Antolin jaiak nahi dituztela aldarrikatu dute
Lekittoko Mugimendu Feministiak manifestazio jendetsua egin du San Antolin jaien atarian. Gogorarazi dute Arreta Feministarako Gunea martxan egongo dela gaur [irailak 1] eta irailaren 3, 5 eta 6an.

Lekittoko Mugimendu Feministiak argi eta garbi adierazi nahi izan du eraso matxista, homofobo eta arrazistarik gabeko jaiak nahi dituztela. Horretarako, joan atzo [abuztuak 31] manifestazio jendetsuan elkartu ziren lekeitiarrak.
Mugimendu feministako kideek adierazi dute autodefentsa feminista aldarrikatu nahi dutela: «Gure hautua da emakumeok saretuz egitea aurre erasoari. Era berean, ez dugu nahi inor konplize izatea eta erasoen aurrean beste alde batera begiratzea. Horregatik, eraso bat ikusi edo jasaten baduzu, jo arreta gunera».
Hala, gogorarazi dute Arreta Feministarako Gunea gaur [irailak 1] eta beste hiru egunetan martxan egongo dela: gaur [irailak 1] eta irailaren 3an eta 6an 22:00etatik 06:00etara, eta irailaren 5ean 12:00etatik 06:00etara. Turismo bulegoan (Santa Elena etorbidea, 2) egongo da gunea, baina telefonoz harremanetan ipintzeko aukera ere egongo da 684 80 20 53 telefonora deituz. Gune hori «konfiantzazko espazioa» izango da, eta bi pertsona egongo dira artatzeko eta laguntzeko prest: «Erasotua bazara edo erasoren bat ikusten baduzu, ez begiratu beste aldera eta jo arreta gunera».
Arreta Feministarako Gunea
- Irailaren 1, 3 eta 6an 22:00etatik 06:00etara. Irailaren 5ean 12:00etatik 06:00etara.
- Harremanetarako: Turismo bulegoan (Santa Elena Etorbidea, 2) edo 648 80 20 53 telefonora deituz.