Giro ederrean ospatu dituzte Murlako jaiak aulestiarrek
Ireber Angulok eta Eñaut Lertxundik irabazi zuten barikuko [abuztuak 29] duatloia.
Ibarrola auzoko jaiak “goi-goitik” ospatu dituzte aulestiarrek asteburuan. Barikuan [abuztuak 29] egun guztiko egitaraua izan zuten Murlako jaiez gozatzeko.
Motor klasikoen erakusketa izan zuten ikusgai goiz osoan zehar, eta 12:00etako mezaren ondoren, duatloia jokatu zuten. Eñaut Lertxundi eta Ireber Angulo izan ziren txapeldunak, eta garaikurra eta 70 euroko saria lortu zituzten. Ostean, txinga jaurtiketa egon zen, eta arratsaldean mus txapelketaren txanda izan zen. Hala ere, umeentzako egitaraua ere izan zuten Aulestin; izan ere, 18:00etan eman zioten hasiera umeen jolasei. 20:30ean pintxo potea izan zuten, eta DJ Arenek eman zion amaiera gauari. Giro “ederra” egon zen egun guztian zehar, eta DJ Arenek plaza musikagaz girotzea lortu zuen.
Zapatuan [abuztuak 30] “Murlako jaien errepetizioa” egin zuten, Iruzubi Fest izenpean. 14:30ean marmitako jana izan zuten, eta bazkalostean bertsolarien txanda izan zen, eta Haizea Aranak eta Uxue Alkortak hartu zuten hitza. Gai jartzaile lanetan, berriz, Udane Mugerza aritu zen. 18:30ean bertso poteoarekin eman zioten jarraipena, eta 20:30ean Berun taldearen kontzertua egon zen.