Mozorro koloretsuekin hasi dituzte San Antolin jaiak
Kuadrillen bajadagaz, Oihana Garatearen txupinazoagaz eta Anteroren jaitsieragaz hasi dituzte San Antolin jaiak Lekeition. Bihar [irailak 2] San Antolin eguna ospatuko dute.

Uztaileko eta abuztuko jai guztien zerrenda atzean utzita, iraila hasteagaz batera lekeitiarrak dira lehenengoak jai giroan murgiltzen. Hainbat aste prestaketa lanetan aritu ostean, gaur [irailak 1] iluntzean egin du eztanda jaiak: 38. Kuadrilen Bajada egin dute, Txirrist Txaranga eta Aittitta Makurra txarangak girotuta.Â
Herritarrek nahiz inguruko bisitariek denetariko mozorro koloretsuz bete dituzte txoko guztiak, eta ugariak izan dira, esaterako, pelikula eta marrazki bizidunetako mozorroak. Hala, jai giro bete betean heldu dira kuadrilla denak plazara, eta ordurako prest egon da Oihana Garatea Lekeitioko azken saregilea udaletxeko balkoian. Herritarrek hala aukeratuta, Garatea izan da aurtengo txupinera, eta esker hitzak baino ez ditu izan herritarrentzat. Era berean, udalak nahiz herritarrek Lekeitioko azken saregileak egindako lana aitortu dute, eta haren txupinagaz batera jaitsi da Antero ere.
Txupinazoagaz batera, Kuadrillen Bajadako sariak ere banatu dituzte. Hala, nagusien saria Imsersoa-k irabazi du, umeena, Lekitto 700 taldeak, Kitto merkatari elkarteko saria, Castellers-ak, eta sari berezia, Lekittoko portuko langileak taldeak. Horrekin, jaia hasi baino ez da egin. Jarraian Albina Stardust eta Divina Comedia egongo dira plazan, bajadari amaiera eman eta gaua girotzen, eta ostean DJ Txankleta eta Akerbeltz erromeriaren txanda izango da.
Bihar, tradizioa nagusi
Gaurkoagaz [irailak 1] jaiak hasi baino ez dira egin. Irailaren 8ra bitarte ospatuko dituzte San Antolin jaiak Lekeition, eta bihar [irailak 2] tradizioaren txanda izango da. Besteren artean, 24. urtez Aittitta Txikik antolatzen dituen tiragoma txapelketa egongo da goizean, eta XV. Txapel Jaurtiketa, arratsaldean. Tartean, urteroko agintarien prozesioa ere egingo dute Lekeitioko alkate eta zinegotziek: udaletxetik elizaraino joango dira, Itxaropena txistularien laguntzagaz. Bertsozaleek ere badute hitzordua bihar [irailak 2], izan ere, Arranegin balkoitik balkoira abestuko dute Aissa Intxausti etxeko bertsolariagaz batera Alaia Martin eta Sustrai Colina bertsolariek.
Ostean Puro Relajok doinu mexikarrak joko ditu plazan, eta amaitzeagaz batera, Valecea pirotekniak su artifizialak eskainiko ditu. Egunagaz amaitzeko suzko zezena eta Errota taldearen kontzertua egongo dira.
Parkeko Guneak 15 urte
Lekeitioren 700 urteekin batera, Parkeko Guneak 15 urte beteko ditu aurten. Txosna Batzordearen eta guraso talde baten ekimenez jaio zen Parkeko Gunea 2011n, eta ordutik 11 izan dira antolatu dituzten ekintzak; aurtengoan ere ez da egitekorik faltako bertan. Ekintza eta ekintza artean, bihar [irailak 2] 20:00etan egingo duten pregoiagaz Parkeko Gunetik era batera edo bestera igarotako guztiak eskertzeko tartea hartuko dute.