Ondarroak senidetza sinatu du Errioxako Mansilla de la Sierra herriarekin
1950eko hamarkadan ekindako lankidetzaren ondorioz sinatu dute senidetzea. Mansilla de la Sierran egin zuten ekitaldi instituzionala zapatuan, eta bertan egon ziren Ondarroako Udaleko ordezkariak ere.

Ondarroak eta Errioxa hegoaldean kokatuta dagoen Mansilla de la Sierrak senidetze gutuna sinatu zuten zapatuan [abuztuak 30], 1950eko hamarkadaren azkenengo urteetan edukitako lankidetzagatik. Senidetza sinatzeko Mansilla de la Sierrak antolatutako ekitaldi instituzionalera joan ziren Ondarroako Udaleko ordezkariak.
1950eko hamarkadan urtegi bat eraiki zuten Mansilla de la Sierran, eta ondorioz, aldenduta gelditu ziren herrigunea eta abereak zeuden lekua. Gainera, herrigune historikoa ur azpian gelditu zen. Urtegia eraikitzean bi eremuak banatuta gelditu ziren urarengatik, eta beti abeltzaintzatik bizi izan den herria izanda, asko zaildu zituen herriko nekazaritza eta abeltzaintza lanak; lurrak gobernatzeko “ikaragarrizko” buelta eman behar baitzuten. Hori horrela, Ondarroako herriak txalupa bat oparitu zion Errioxako herriari, “bertako baserritarren zereginak erraztuz eta urtegiaren alde batetik bestera joateko erraztasuna emanez”. Hala, Ondarroako Udalak dei bat jaso zuen Mansilla de la Sierrako udaletxetik, 1950eko hamarkada bukaerako gertakariaren harira, bi herrien arteko senidetza gauzatzeko proposamena luzatuz. Proposamena jaso ostean, ideia polita iruditu zitzaion Ondarroako Udalari bi herrien arteko senidetza sinatzea: “Ondarroako Udalaren artxiboan ez dugu aurkitu gertaera hau agertzen den txosten, espediente edo dokumenturik, eta ezagutu ere ez genuen ezagutzen. Baina Mansilla de la Sierrako udaletxetik deia jaso eta istorioa azaldu zigutenean, bi herrien arteko senidetzea gauzatzea polita iruditu zitzaigun, batez ere, atzean dagoena ezagutzera emateko eta herrien arteko elkartasuna zein garrantzitsua den erakusteko”.
Zapatuan Mansilla de la Sierran egindako ekitaldian parte hartu zuten Irina Alkorta Bedialauneta alkateordeak eta Naiara Burgoa Lizarraga eta Ibon Bergara Etxearte zinegotziek, bertako erakunde publikoetako ordezkariekin batera. Senidetza sinatzeko ekitaldian zenbait konpromiso hartu zituzten bi udalek: “Elkartruke kultural eta sozialak sustatzea, udal erakundeen esperientzien elkartrukatzea, elkarteen arteko harremanak sustatzea, eta oro har, komunitate bien arteko armonia iraunkorra bermatzekoetaudalerri bien arteko bake nahia erakusteko bitartekoak eskaintzea”.
Ondarroako Udalak gogorarazi du Mansilla de la Sierraz gain, Ondarroa Italiako Santa Flavia herriagaz eta Saharako Bojador herriagaz ere senidetuta dagoela.