'Beti eskamak kentzen' liburua aurkeztuko dute Ondarroan
Liburuaren aurkezpena eguenean [irailak 4] izango da, 18:30ean, Kofradia Zaharreko bigarren solairuan. Erakusketa, berriz, irailaren 14ra arte egongo da ikusgai Udal Erakusketa Aretoan.
Boga Boga Emakume Elkarteak eta Ondarroako Udalak antolatuta, Beti eskamak kentzen liburuaren aurkezpena egingo dute Ondarroan, eguenean [irailak 4], 18:30ean, Kofradia Zaharreko bigarren solairuan.
Kontserba fabriketako emakume langileen lana islatzen duen liburua da; bertan, XVI. mendetik XXI. mendera Bizkaiko kontserbagintzan andreek egin dute lana aztertu dute Amaia Apraiz Sahagun eta Maria Romano Vallejo historialariek, eta aztertutakoagaz liburua eta erakusketa sortu dituzte.
Bost mendetan kontserberetako emakume langileen egin duten lana azpimarratu, eta lurraldearen garapenan lagundu duten emakumeei ahotsa ematen dieten tresnak dira bai liburua bai erakusketa. “Emakume horiek euren indar, kemen eta ausardiagaz, mendeetan zehar, eurek jakin barik, Bizkaiko garapen ekonomikoaren funtsezko pieza bihurtu ziren. Izan ere, euren lana gizartearentzat luzaroan ikusezina izan arren, emakumeek zeregin erabakigarria izan zuten, beste lanbide batzuetan gertatu legez”, adierazi dute egileek.
Liburuaren aurkezpenean egongo dira bi egileak, eta bertan, Ondarroan grabatutako bideoa ere eskainiko dela jakinarazi du udalak. Liburuaz gain, irailaren 5etik [barikua] 14ra [domeka] bitartean, Beti eskamak kentzen erakusketa egongo da ikusgai Ondarroako Udal Erakusketa Aretoan: astelehenetik barikura 18:30etik 21:00etara, eta zapatua eta jai egunetan 12etatik 14etara eta 18:30etik 21:00etara. Bizkaiko Batzar Nagusiak eta Ondarroako Udalak antolaturako erakusketak dokumentu ofizialak, prentsa-artikuluak, argazkiak eta margolanen erreprodukzioak biltzen ditu.