Galbaixo Txiki eguneko marmitako lehiaketan izena emateko epea zabalik dago
Parte hartu nahi dutenek irailaren 10era [eguaztena] bitartean izango dute izena emateko aukera, Albaro edo Sabina dendetan.
Txoko Eder Elkarteak Mutrikuko Udalaren laguntzagaz antolatzen duen Mutrikuko Galbaixo Txiki eguneko marmitako lehiaketan izena emateko epea zabalik dago irailaren 10era [eguaztena] arte, Albaro dendan edo Sabinan apuntatu beharko da. Izena ematerako orduan, talde bakoitzak hamar euroko fidantza jarri beharko du.
Gehienez hamasei taldek izena eman ahalko dute lehiaketan. Talde bakoitzean gehienez ere bi lagun egon ahalko dira, eta hamasei lagunentzako marmitako egin beharko da. Lehiakide kopurua handia bada, zozketa bidez aukeratuko dira lehiaketako partaideak.
10:00etan emango diote hasiera lehiaketari, eta 13:00etan amaituko da. Ondoren, 14:00etan, sari banaketa egongo da. Sariak banatu ostean, urtero legez, enkantea egingo da. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, epaimahaiaren erabakia aldaezina izango da, eta itxura, kolorea, salda eta zaporea hartuko dira kontuan.
Guztira sei sari banatuko dituzte; lehenengoek, txapelak eta 250 euro eskuratuko dituzte; bigarrenek, 175 euro eta kopa; hirugarrenek, 100 euro eta kopa; eta azken hirurek, sari bera jasoko dute: bi ardo botila eta garaikurra.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, talde bakoitzari hiru kilo hegaluze, 4,5 kilo patata, olioa, gatza eta sua emango dizkiete. Hala, talde bakoitzak prestakuntza lanetarako beharrezko materiala eraman beharko du; besteak beste, lapikoa eta sukaldeko tresnak, piper berdeak edota gorriak, txorizo-piperrak, tipula, ogia, pipermina eta tomatea. Aipatutako osagarriez gain, barazkiak onartuko dira soilik, eta ezingo da kondimenturik erabili.