Gitarra ikastaroetara izena emateko epea, zabalik
Irailaren 30a izango da Munitibarko gitarra ikastaroetarako izena emateko epemuga, eta saioak urriaren 2an abiatuko dituzte.
Beste urte batez, Txopitturri Guraso Elkarteak gitarra ikastaroak atondu ditu aurtengo ikasturterako, eta izena emateko tartea dagoeneko zabalik dago. Hain zuzen ere, irailaren 30a bitarte eman daiteke izena, eta eskolei urriaren 2an ekingo diete. Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, gitarra ikastaroak taldean nahiz bakarka jasotzeko aukera egongo da.
Lehendabiziko aukera hautatuz gero, hiru ordu laurden eta ordubete arteko saioa izango litzatekeela argitu dute; bazkideek 20 euro ordaindu beharko lituzkete hilabeteko, eta bazkideak ez direnek, ostera, 30 euro. Bakarkako eskolak aukeratzekotan, ordu erdiko saioak liratekeela adierazi du antolakuntzak; prezioei dagokienez, bazkideek 25 euro ordaindu beharko lituzkete hilabeteko, eta bazkide ez direnek, aldiz, 35 euro.
Beste alde batetik, izen emate kopuruak saio kopurua molda dezakeela aurreratu dute, eta kasu horretan bazkideek lehentasuna edukiko dutela. Informazio gehigarria gura duenak txopitturri@gmail.com posta elektronikora idatz dezake.