Harrera "oso ona" izan du Ainhoa Etxebarriaren eta Ugaitz Alegriaren Tongola bakarrizketak
Guztira lau emanaldi eskaini dituzte Euskalduna jauregian; azkenengo bietan sarrera guztiak agortu zirela jakinarazi dute. Etxebarria eta Alegria artistek balorazio "oso ona" egin dute.

Bilboko Aste Nagusian estreinatu zuten Ainhoa Etxebarriak eta Ugaitz Alegriak umorea, ezustea eta parte hartzea uztartzen dituen Tongola ikuskizuna. Elkarlanean sortutako proposamena izan da honakoa, eta artistek azpimarratu dutenez, harrera “oso ona” izan du Tongolak.
“Oso pozik gaude Tongolak izandako harreragaz. Bilboko Euskalduna jauregian estreinatu genuen abuztuaren 19an, eta 20, 26 eta 27an ere emanaldiak eskaini genituen. Nahiz eta lehenengo bi emanaldietan ez ziren sarrera guztiak saldu, aretoa jendez bete zen, eta 26an eta 27an sarrera guztiak agortu ziren. Ondarroatik jende asko etorri zen emanaldia ikustera, eta oso sentsazio onagaz gelditu gara biok; izan ere, publikoaren erantzuna oso ona izan da”, azpimarratu du Ugaitz Alegriak. Behin ikuskizuna estreinatuta, Euskal Herriko txoko ezberdinetara zabaltzea da Alegriaren eta Etxebarriaren helburua: “Ea zortea dugun eta ikuskizuna Euskal Herriko txoko desberdinetara zabaltzeko aukera dugun”.

Tongolako publikoa dantzan. Argazkia: Unai Nuño.Unai Nuño.