Munduko Sokatira Txapelketarako prest dago Mutriku Sokatira Taldea
Ingalaterrako Nottingham hirian lehiatuko da Munduko Lur Gaineko Sokatira Txapelketa. Atzo [irailak 2] heldu ziren Mutriku Sokatira Taldeko kirolariak Nottinghamera, eta gaur pisaketak egin ostean, bihar hasiko dute lehia.

Atzo [irailak 2] gauean heldu ziren Mutriku Sokatira Taldeko kirolariak Ingalaterrako Nottingham hirira, Munduko Lur Gaineko Sokatira txapelketara. Gaur [irailak 3] pisaketak egin ostean, bihar hasiko dira tiraldiekin: “Gaur goizeko pisua izango da ofiziala txapelketa guztirako. Gaurko eguna izaten da gogorrena guretzat; pisuan sartu nahi dugu, eta urduri egoten gara kategorietan sartu garen edo ez jakin arte. Hala ere, zalantza geneukan kategorietan ere sartu gara, beraz, lehenengo eginbeharra bete dugu”.
Mutriku Sokatira Taldeko emakumezkoek zein gizonezkoek lehiatuko dute bihar: “Gizonezkoek 680 kiloko kategorian parte hartuko dute, eta emakumezkoek 500 kilokoan, Gaztedi taldearekin. Izan ere, emakumezkoen taldeko bostek parte hartuko dute munduko txapelketan; beraz, Gaztedi taldearekin batuko dira lehenengo, eta barikuko tiraldian (540 kiloko kategorian) Mutriku gisa parte hartuko dute, Gaztedi taldeko kirolariekin taldea osatuz”. Bariku goizean, Mutriku Sokatira Taldearen izenean modu mistoan parte hartuko dute, 580 kiloko kategorian: “Ez genekien kategoria honetan sartuko ginen edo ez, baina azkenean pisaketa egin ondoren, sartu gara. Beraz, pozik gaude, talde polita osatzen baitugu modu mistoan”. Horrez gain, gizonezkoek 640 kiloko kategorian ere lehiatuko dutenbariku arratsaldean. Irailaren 6an [zapatua] Mutrikuko taldeak Euskal Selekzioa ordezkatuko du 680 kiloko kategorian.
Munduko Lur Gaineko Sokatira txapelketa jarraitu nahi duenak, Mutriku Sokatira Taldeko Whatsapp kanalean izango du uneoro informazio berritua.