Ondarroa eta Isuntza Kontxako Banderatik kanpo gelditu dira
Orio izan da azkarrena, eta atzetik jarraitu dio Tolosaldeak. Donostiak bi ordezkari izango ditu Kontxan: Donostiarrak eta Arraun Lagunak. Hasiera batean Zarautzek txartela lortu badu ere, arau hausteak medio, Zumaiarentzako izan da zazpigarren postua.

Giro ederra sortu zen atzo arratsaldean, Donostiako Kontxa inguruan, arraunzale asko bertaratu ziren Kontxako Banderaren sailkatze estropada ikustera. Itsasoari dagokionez, arraunlariek lanerako baldintza gogorrak izan bazituzten ere, sailkapenean ez zen ezusteko nabarmenik egon.
Datozen bi asteburuetan Ondarroak eta Isuntzak ez dute lehiatuko 18. Kontxako Bandera. Hamalaugarren postuan gelditu zen Ondarroa [12.36,90], Deusturen atzetik, eta hamabosgarren postua eskuratu zuen Isuntzak, 12 minutu 48 segundo eta 72 ehunenegaz.
21 ontzi lehiatu ziren atzo erlojupekoan, eta aurreneko zazpirak izan ziren datozen asteburuetako txartela lortu dutenak: Orio, Tolosaldea, Donostiarra, Hibaika, Hondarribia, Astillero eta Zumaia. Kontxako Banderatik kanpo gelditu dira gainontzekoak: San Juan, Zarautz, Chapela, Kaiku, Tiran, Deustu, Ondarroa, Lekittarra, Cabo, Hernani, Mecos, Cesantes, Rianxo eta Castropol.
Hasiera batean Zarautz barruan bazegoen ere, irteera momentuan egindako arau-hauste baten ondorioz, hamar segundo gehitu, eta zarauztarren ordez Zumaiak lortu zuen txartela. Maddi Aranburu zumaiako arraunlaria “triste” agertu zen hasieran, baina, azkenengo emaitza jakin ondoren segituan poztu zen arraunlari ondarrutarra: “Nahiz eta txartela lortu, egin dugun estropada ez da ona izan, ezin izan dugu ezer aprobetxatu; beraz, pozik gaude, baina ez dugu estropada ona egin”. Bestalde, zarauztarrak “lur jota” agertu ziren: “Aukerak genituen sartzeko, eta hasiera batean sartu gara. Hamar minutu beranduago esan digute arau-haustearena; beraz, kolpe handia izan da guretzat, txartela ospatzen genbiltzan-eta”.
Faboritoak. Sailkapen estropadako faborito ziren Tolosaldeak eta Oriok (Euskotren Ligako bigarrena eta hirugarrena) maila mantendu zuten, denborarik onena eginez. Tolosaldeko patroi den Nerea Perez egindako lanagaz «pozik» agertu zen: «Estropada eremua zaila zegoen, eta haizea momentu batetik bestera aldatzen zen. Hala ere, helburua sailkatzea zen, eta lortu dugu. Domekan beste gauza bat izango da, ea zortea dugun».
Bi ordezkari. Donostiak bi ordezkari izango ditu Kontxako Banderan. Orain arte, gizonezkoetan gertatzen den bezala, Donostiarrak ziurtatuta zeukan lekua, sailkatze estropada lehiatu behar izan gabe, eta Donostia Arraun Lagunak klubak gainontzekoekin lehiatu behar zen sailkatze estropadan. Orain, ordea, ligan postu onena eskuratzen duenak dauka lekua ziurtatuta, eta besteak gainontzeko klubekin batera sailkatze estropadaren bidez eskuratu behar du txartela. Aurten Arraun Lagunak ligako irabazleak lortu du zuzeneko txartela, eta Donostiarrakoak atzo egindako lanari esker sailkatu dira.
Sailkapena:
1. Orio: 11:42.60
2. Tolosaldea: 11:49.24 (+6.64)
3. Donostiarra: 11:53.64 (+11.04)
4. Hibaika: 11:59.90 (+17.30)
5. Hondarribia: 12:02.90 (+20.30)
6. Astillero: 12:04.30 (+21.70)
7. Zumaia: 12:05.90 (+23.30)
8. San Juan: 12:09.28 (+26.68)
9. Zarautz: 12:10.56 (+27.96)
10. Chapela: 12:15.64 (+33.04)
11. Kaiku: 12:25.48 (+42.88)
12. Tiran: 12:31.70 (+49.10)
13. Deustu: 12:34.94(+52.34)
14. Ondarroa: 12:36.90 (+54.30)
15. Isuntza: 12:48.72 (+1:06.12)
16. Cabo: 12:50.92 (+1:08.32)
17. Hernani: 13:01.68 (+1:19.08)
18. Mecos: 13:04.86 (+1:22.26)
19. Cesantes: 13:19.00 (+1:36.40)
20. Rianxo: 13:41.00 (+1:58.40)
21. Castropol: 14:07. 22 (+2:24.62)