Bertoko ekoizleen plaza bihurtuko da zapatuko Mutrikuko Merkatu Txikia
Herriko ekoizleez gain, atun errea dastatzeko aukera egongo da Mutrikuko Arraun Taldearen eskutik.
Mutrikuko Udalak Arraun Taldearekin elkarlanean Merkatu Txikia antolatu du zapaturako [irailak 6]. Beheko plaza herriko ekoizleen produktuez beteko da etzi, 10:00etatik 14:00etara bitartean. Gainera, Mutrikuko Arraun Taldeak atun errea prestatuko du eta 12:00etatik aurrera dastatzeko aukera egongo da.
Zuluk (bitxiak), Ekoalboraz (barazki ekologikoak), Ibiri (bertako barazkiak), Amaia Aberasturi (artisau lanak), Goienetxe (ardi gazta), Zortziko (eztia), Mikkota art (bitxiak) eta K. Amets (artisau lanak) izango dira merkatuan egongo diren ekoizleak. Horrez gain, Mutrikuko Errugbi taldeak kamisetan salduko ditu.
Mutrikuko Udalak azokara joateko deia egin die herritarrei: “Zatoz eta ezagutu herriko ekoizleak! Erosi bertokoa eta dastatu Mutrikuko Arraun Taldeak prestatutako atun erre goxoa!”.