Jaietarako gogotsu daude Mutrikuko Samikollako auzotarrak
Zapatuan [irailak 6] eta eguaztenean [irailak 10] ospatuko dituzte Samikolla auzoko jaiak Mutrikun. 70 lagun inguru batuko dira zapatuko auzo bazkarian.
Iraila hastearekin batera ate joka dituzte Samikolla auzoko jaiak mutrikuarrek; izan ere, zapaturako [irailak 6] eta eguaztenerako [irailak 10] egitarau oparoa antolatu du Jai Batzordeak. Urtero legez, aurten ere, ospakizunerako gogotsu daude antolatzaileak, eta adin guztiei zuzendutako ekintzak egongo direla ziurtatu dute: “Guretzat oso garrantzitsua da adin guztiei begirako egitaraua antolatzea. Horregatik, zapatuan umeei begirako ekintzak egongo dira goizean zehar, baita arratsaldean ere. Ondoren, iluntzean, gazte zein nagusientzako txaranga eta kontzertuak egongo dira, eta irailaren 10ean, nagusiei bideratutako egitaraua egongo da”.
Hala, betiko formatua mantenduz, baina berritasun batzuekin datoz aurtengo jaiak: “Urtero formatua mantentzen saiatzen garen arren, hobekuntzak egiten dizkiogu egitarauari. Esaterako, aurten, lehenengo aldiz Txaranga a la mutrikuarrak herritik auzorako ibilbidea egingo du. Herriko gazteek osatutako txaranga da, eta Malenetan oso ondo funtzionatu zuen; beraz, auzoko jaietan ere prest agertu dira jendea herritik auzora bideratzeko”.
Hala ere, txarangak Mutrikuko kaleak hartu aurretik, “sorpresa” ezberdinak prest dituzte Jai Batzordeko kideek: “Txupinazoaren ostean auzoko umeak oholtzara igoko dira iazko jaietan atera genuen Gu gara gu abestia dantzatzera. Ondoren, bazkalostean, denon artean betiko kantuak abestuko ditugu, eta joan den urtean gure artetik joandako auzokide bat omenduko dugu”. Antolatzaileek zehaztu dute 70 lagun inguru batuko direla auzo bazkarian, eta egun guztian zehar pintxoak eta bokatak egongo direla gogorarazi dute.
Egunari amaiera emateko Laket erromeria taldea igoko da oholtzara: “Herritarrak Samikollako jaietara gonbidatu nahi ditugu, giro ederra egongo baita. Auzotarrok eskuzabalik hartuko dugu mundu guztia”.
Eguaztenean [irailak 10], San Nikolas egunean, mezarekin emango diote hasiera egunari, 11:00etan. Ondoren, salda eta txorizoa egongo da bertaratzen direnentzat, eta jaiei amaiera emateko errifen zozketa egingo dute.
Egitaraua
Irailak 6, zapatua
- 12:00: Erraldoi eta buruhandien kalejira, Goiko plazatik Samikollara.
- Jarraian, Txosna irekiera eta puzgarriak.
- 13:00: Txupinazoa eta brindisa.
- Ondoren, Gu gara gu abestiaren koreografia.
- 14:30: Auzo bazkaria.
- Bazkalostean: Kanturreo berezia.
- 17:30: Herri kirolak umeentzat.
- Gero, Karaokea.
- 20:00: Txaranga a la mutrikuarra herritik auzora.
- 22:30: Erromeria Laket taldearekin.
Irailak 10, eguaztena
- 11:00: Meza ermitan.
- Jarraian, Salda eta txorizoa.
- Amaitzeko, errifen zozketa.