Andra Mari jaiek hainbat eszenatoki izango dituzte eskualdean
Tradizioak oso presente izango dituzte Markina-Xemeinen, Munitibarren eta Gizaburuagan, eta askotariko egitarauez gozatuko dute datozen egunetan.

Lea-Artibaiko hainbat toki izango dira Andra Marien plaza. Kirola, kultura, musika, eta batez ere, tradizioa nahastuz, egitarau borobilak zukutzeko prest daude Gizaburuagan, Markina-Xemeingo Erdotzan eta Munitibarko Gerrikaitzen.
Gizaburuarrentzat Andra Mari jaiak etxeko jaiak dira, herrikoiak. Herriguneaz gain, Oibar auzoak ere hartuko du egitarauko ekintzaren bat edo beste. Domekan emango diete hasiera jaiei ohiko kanpai eta bolandera soinuekin. Kirolagaz emango diote hasiera jaiei, Tino lasterketa egingo dute, Errakane baserritik herrigunerainoko ibilbidea osatuz. 3 minutu eta 49 segundotan dago ezarrita errekorra, Joseba Plazak egin 2010ean eta Ibon Bengoetxeak 2012an. Lau sari banatuko dituzte, orokorrean lehen emakume eta gizonari eta herriko lehen neska eta mutilari ere, 90 eta 85 eurokoak izango dira, hurrenez hurren. Bitartean izango dira zesta-punta partidak: Markel E. Eta Aiun Markel A. eta Aimarren aurka eta Axular Z. Eta Iker O. Elene eta Angoitia IV.aren kontra. Horrez gain, goi mailako puntisten arteko lehia ere egongo da, Elaia Gojenola eta Maialen Aldazabal berriatuarrek elkarren aurka jokatuko dutelako.
Egun handia astelehenekoa izango da, Andra Mari Eguna. Hemen ere lehiatuko dute herritarrek, baina bestelako giroan, txapel, tortilla eta briska txapelketak egingo dituzte. Karta jokoetako sariak berdinak izango dira: 200 euro eta txapela irabazlearentzat, 130 euro bigarrenarentzat, 90 euro eta trago bi Herriko Tabernan hirugarrenarentzat eta 70 euro eta trago bi eta pintxo bi Herriko Tabernan laugarrenarentzat. Txapel jaurtiketari dagokionez, txapeldunak Herriko tabernan bi bazkari lortuko ditu eta hurrengo hirurek Hamen Bertokoa produktuekin osatutako otzara. Azkenik, tortilla txapelketan, tortillarik gozoena egiten duenak 100 euro eta trofeoa irabaziko ditu, bigarrenak 70 euro eta ardo erreserba botila bat, hirugarrenak 50 euro eta kriantza botila bat eta laugarrenak 30 euro eta urteko ardo botila bat. Andra Mari Egunean baino, irailaren 9an Oibarren amaituko dituzte jaiak gizaburuarrek. Meza egingo dute bertan, eta 18:00etan Zirika Zirkus zirko tailerra egingo dute txokolateagaz jaiak amaitutzat eman aurretik.
Munitibarreko Gerrikaitz auzoan hurrengo asteburuan ospatuko dituzte andramariak. Ohi bezala, hemen ere tortilla txapelketagaz emango diote hasiera jaiei. 20:00etarako aurkeztu beharko dituzte eta gero denek batera afalduko dute. Mahaiaren inguruan ere elkartuko dira irailaren 13an. Jai batzordetik gogoratu dute izena eman behar dela. Horretarako astelehena da azken eguna, 14:00ak baino lehen. Udaletxean edo liburutegian eman daiteke izena eta taldekide bakoitzak 3 euro ordaindu beharko ditu eta bere taldea arduraduna izendatu. Bazkalostean, ohiko briska eta mus txapelketak jokatuko dituzte Kantokoan. Domekan, berriz, V. Gerrikaitzeko harri jasotze txapelketa egingo dute eta ondoren, Urdax Magunazelaiak erakustaldia emango du.
Markina-Xemeingo Erdotza auzoan, ohi bezala, Andra Mari Egunean elkartuko dira. 12:00etan meza egingo dute, eta ostean Zerutxu dantza taldeko gazteen emanaldia eskainiko dute. Gero, jan-edana izango dute hurbiltzen direnek.
EGITARAUA:
ERDOTZA
(MARKINA-XEMEIN)
Irailak 8, astelehena
12:00. Meza.
13:00. Markina-Xemeingo
Zerutxu dantza taldearen
emanaldia.
Jarraian. Kopaua.
GERRIKAITZ (MUNITIBAR)
Irailak 12, barikua
20:00. Tortilla txapelketa, plazan. Tortillak plazan eginda egon behar dira eta 20:00etan aurkeztu beharko dira. Saria gazta bat da. Bakoitzak berak ekarri beharko du sukaldatzeko eta jateko beharrezko guztia. Jai batzordeak mahai eta bankuak jarriko ditu plazan denak batera afaltzeko.
Ondoren. Tortilla jana herrikoia.
21:00. Dantzaldia DJ Kaktus, plazan.
21:00. Makailo jana, kantokoan.
Irailak 13, zapatua
12:30-14:30. Umeentzako jolasak eta apar jaia, Bengolan.
14:30. Herri bazkaria, Elizpean.
16:45. Briska txapelketa, Kantokoan. Izen ematea 16:00etan,
10 euro bikoteko.
17:00. Mus txapelketa, Kantokoan. Izen ematea 16:00etan,
20 euro bikoteko.
17:30. Herritarren arteko jolasak, plazan.
21:00. Iratzar erromeria, plazan.
Ondoren. DJ Arene.
Irailak 14, domeka
12:30. Gerrikaitzeko V. harri jasotze txapelketa, plazan.
Ondoren. Urdax Magunazelaiaren harri jasotze erakustaldia.
Amaitzeko. Kopaua.
GIZABURUAGA
Etzi, domeka, bezpera
11:30. Kanpai jotea eta bolanderak.
12:00. Tino lasterketa, Errekane baserritik herriraino.
12:15. Umeen zesta partidak.
Irailak 8, astelehena
11:00. Meza.
12:00. Trikipoteoa Laia Artetxe eta Naia Azpiazu, Manu Plaza eta herriko trikitilariak.
Ondoren. Txapel jaurtiketa.
14:30. Nagusien herri bazkaria.
17:00. Briska txapelketa.
18:00. Umeen jolasak. Amaieran parte hartzen dutenentzako boloa egongo da.
19:00. Tortilla txapelketa.
Irailak 9, martitzena
Oibarko Eguna
11:30. Meza.
Ondoren. Kopaue Joseba Urrutia trikitilariagaz.
17:30. Mus txapelketa 4 erregetara. Izen ematea 15 euro.
18:00. Zirika Zirkus zirko tailerra.
Jaien amaieran. Txokolatea eta azken traka.