'Bizkaiko Hitza'-k sarean landuko du egunerokoa, papera utzita
Hamabost urtez etenik barik argitaratu dira Bizkaiko Hitza eta Gipuzkoako Hitza astekariak, baina uztailekoa izan zen euren papereko azken alea, eta, ondorioz, gaur (irailak 5), Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzako harpidedunek ez dute Bizkaiko Hitza papereko astekaria jaso, orain arte bezala. Beste etapa bat hasi dute, eta lurralde informazioa Berriaren webgunean jasoko dute.

Bizkaiko Hitzak eta Gipuzkoako Hitzak papera utzi eta egunerokoa sarean lantzen jarraitzea erabaki zuen Berriak udan. Ondorioz, gaur (irailak 5), Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzako harpidedunek, HITZA etxean jaso dutenek, ez dute Bizkaiko Hitza papereko astekaria jaso, orain arte bezala.
Hamabost urtez etenik barik argitaratu dira Bizkaiko Hitza eta Gipuzkoako Hitza astekariak, baina uztailekoa izan zen euren papereko azken alea. Orain, beste etapa bat hasi dute, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde informazioa euskarri digitalean jasoz, papereko astekari izateari utzita: “Berriak egunero landuko du Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde informazioa euskarri digitalean, hau da, webgunean”, jakinarazi zuen Eider Goenaga Berriako zuzendariordeak erabakia hartzerakoan.
Nabarmendu zuen “erabakia hartzea ez zela erraza izan”, euren helburua beti izan baita euskaldunei “ahalik eta zerbitzu zabalena eta aukera gehien eskaintzea”, are gehiago euskarak ez dituela papereko informazio euskarriak sobran jakitun direnean. Baina Goenagak esan zuen astekariaren martxa “zailtasun” bat zela lurralde horietako aktualitateari behar bezala erantzuteko: “Sarritan, astekariek ezin izan diote garaiz heldu lurralde horietako eguneroko gertakariei, eta Berriako irakurleek galdu egin dute informazio jario bat, gero astekariak beti osatu ahal izan ez duena, formatuak eraginda. Astero hamasei orrialde egin beharrak, oso talde txikiekin, zailtasunak eragin ditu lurralde horietako aktualitatea behar bezala emateko”.
Webgunea.
Dagoeneko hasi dute lurraldeetako kazetariek lurraldeko informazioari buruzko etapa berria, eta egunero jarraituko dute euren lurraldeko askotariko informazioa, baina hori Berriaren webgunean egongo da irakurgai, Lurraldeak atalaren barruan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa azpiataletan —webgunearen azaletik zein menutik sar liteke horietara—. Horrez gain, Berriaren eguneroko papereko edizioan ere argitaratuko dira informazio batzuk, papereko irakurleentzako eskaintza ere osatzeko.
“Gure apustua, papera kenduta, aktualitatearen berri hobeto ematea da”, azaldu zuen Goenagak: “Gure irakurleei batzuetan webgunean emango dieguna, eta beste batzuetan paperean ere emango dieguna. Pentsatzen dugu horrek lurraldearen ikuspegi osoago bat emango diela irakurleei”. Gainera, udazkenetik aurrera, Berriaren irakurleek aukera izango dute lurraldeetako buletinetan izena emateko.
Lurraldeko Hitzek 685 zenbaki kaleratu dituzte
Berriak sortu zituen herrialdeetako Hitza-k, 2010eko azaroan, sumatuta bazela informazio jario bat Berriaren irakurleengana iristen ez zena. Eskualdeetako Hitzekin eta Atariarekin elkarlanean abiatu zituen astekari horiek, eta 685 zenbaki egin dituzte. Dozenaka kazetari eta kolaboratzailek parte hartu dute agerkari horietan, eta haiek egindako lana nabarmendu du Eider Goenaga Berriako zuzendariordeak: “Hamabost urte hauetan, Hitzek ekarpen nabarmena egin dute: Berriara lurraldeetako informazioa ekarri dute, eta Berrian lekua eman diete bestela lekurik izango ez zuten lurraldeko eragile eta pertsona askori”.
Lurraldeetako informazioaren garrantzia azpimarratu du, hain zuzen ere, zuzendariordeak: “Berria egunkari nazionala da, eta ikuspegi nazionala ematen du; gero, tokiko asko ere badira, herrietan eta eskualdeetan. Baina lurraldearen osotasunetik begiratuta, hutsune bat badago euskarazko informazioan, eta inportantea da: erabaki asko eta gertakari asko izaten dira lurralde mailan, diputazioetan adibidez, eta jende askori eragiten diete informazio horiek. Berria, batzuetan, ez da ongi iristen informazio horiek ematera, eta herrietako tokikoak ere, askotan, ez dira iristen informazio horietara. Hor badago, beraz, informazio behar bat, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurraldeei dagokienez”.