Auzo izaera herrira zabalduz, Samikollako jaiak ospatzen dabiltza mutrikuarrak
12:00etan eman diote hasiera Mutrikuko Samikolla auzoko jaiei, buruhandien eta erraldoien kalejirarekin.

Giro ederra lagun, Samikolla auzoko jaiak ospatzen dabiltza mutrikuarrak. 12:00etan egin du eztanda jaiak, Erraldoi eta Buruhandien kalejirarekin. Goiko plazatik atera da kalejira, txistulariekin batera, eta auzora heldu orduko ireki ditu ateak txosnak. Ondoren, txupinazoaren eta brindisaren txanda izanda, jaiei hasiera ofiziala emanez.
Eguerdian, bazkarian batuko dira auzotarrak; guztira, 70 lagun inguru. Marmitakoa dastatu ondoren, kantatzeko unea izango dela jakinarazi du Samikollako Jai Batzordeak: “Urtero legez, bazkaldu ondoren kantuan arituko gara. Baina aurtengoa berezia izango da; izan ere, iaz gure artetik joandako auzokideari omenaldia egiteko aprobetxatuko dugu”.
Arratsaldean ere ez da planik faltako Burumenditik Arnora arteko txokoan. 17:30ean umeentzako herri kirolak egongo dira, eta ostean, karaokearen txanda izango da. Ondoren, 20:30ean, herritik auzora arteko bidea egingo du herriko gazteek osatutako Txaranga a la mutrikuarrak, eta 22:30ean Laket erromeria igoko da oholtza gainera.