'Gangarren kluba' potineko Joanes Irigoien Kortabitartek irabazi du Antzar jaiko sari nagusia
Joanes Irigoien Kortabitartek egin zituen jasoera gehien buruagaz; guztira, lau. Hurrengo saria 'Trankulo' potineko Arnaitz Casco Urkiagak eskuratu zuen, burua kendu barik. Guztira 106 potinek parte hartu zuten atzoko Antzar jokoan.

Goizean goizetik mahonezko alkandora urdinek hartu zuten atzo Lekeitio; izan ere, urte guztia esperoan egon ondoren, Antzar eguna ospatzeko aukera izan zuten atzo lekeitiarrek, baita Euskal Herriko zenbait txokotako lagunek ere.
16:00ak jota hasi zen Antzar jokoa, eta Gangarren kluba ontziko Joanes Irigoien Kortabitartek eskuratu zuen lehenengo saria, lau altxaldi eta burua lortuta. Hurrengo saria, altxada gehien burua kendu barik, Trankulo potineko Arnaitz Casco Urkiagak eskuratu zuen; guztira, hamar altxada egin zituen. Horrez gain, Dotoretasunaren saria Mariberako potinak jaso zuen. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, sari banaketa gaur [irailak 6] egingo da, 20:00etan, Eskolapeko limoneroan.
Aurten 106 parte hartzaile izan dira Antzar jokoak: 72 lekeitiarrak eta lea-artibaitarrak, 16 kanpotarrak, eta 18 zigortuak. Rotaflex potinak ireki zuen lehia atzo, eta Txitxiñak ontzia atera zen azken, zigorra zeukalako.
Lehenengo altxaldirako kendu zion Rotaflex potineko harrapatzaileak burua antzarari, baita bigarrenak eta hirugarrenak ere: Txizipozo eta Goma bi potineko harrapatzaileek. Parte hartzaile guztien artean 231 altxaldi egin ziren; bataz beste, 2,17 altxaldi potin bakoitzeko. Horrez gain, antolatzaileek zehaztu dutenez, zortzi potineri igo zitzaien antzara, altxaldiak egiteko aukera kenduz: “Batzuk denboraz kanpo ibili dira, eta beste batzuk norabide gabe joan dira antzarera”.
Atzoko Antzar jokoan egondako giroaz gain, nabarmentzekoa izan zen potin guztien aldarria; izan ere, gehienek Palestinaren aldeko mezuak jarri zituzten eslogan gisa, eta portua bertako banderez josi zuten.
Sariak. Aurten, ohiko sariez gain, potinik bizkorrena ere saritua izan da: Potosorri, 45 segundotan heldu baitzen antzarara.
- Jasoera gehien buruagaz (4 jasoera): 7- Gangarren kluba– Joanes Irigoien Kortabitarte ( 300 euro eta txapela)
-
Jasoera gehien buru barik (10 jasoera): 33- Trankulo– Arnaitz Casco Urkiaga ( 300 euro).
-
Dotoretasuna (150 euro): 62- Mariberako –1:08 segundo eta 14 puntu. Eslogana: “Lekittoko portutik, itsasoak kantari, Palestinaren alde bihotzak beti ari”.
- 2025eko potinik bizkorrena: 58- Potosorri– 0:45 segundo.
-
2025ko Antzar Jaian zenbakia aukeratzeko aukera izango dute, igoera gehien egin dutelako: 44- Drogosuak (10 igoera-1:15 segundo); 37-Aparta paretik (8 igoera-0:56 segundo); 55- Aixpuru (8 igoera-1:04 segundo); 53- Barrotan (8 igoera-1:07 segundo); 40- Txopotxuak (8 igoera-1:08 segundo).