Zesta punta komunitatea, euskal diasporaren zutabeetako bat
Eusko Jaurlaritzaren Euskal Diasporaren Egunak zesta punta komunitatea omendu du. Imanol Pradales lehendakariak adierazi du diasporarekin harremanak sendotzeko lege berri bat onartu gura dutela 2026an. Ekitaldia dantza emanaldi batek eta mural batek biribildu dute.

Kirola eta kultura elkartu ditu aurten Markina-Xemeinen ospatu den Euskal Diasporaren Egunak. Eusko Jaurlaritzak urtero antolatzen duen ekitaldia Uni Frontoian ospatu da gaur [irailak 8], eta zesta punta komunitateak euskal diaspora zabaltzeko egindako lana aitortu dute bertan. Hala, Euskal Herriaren izena “mundu osoko frontoietara” eroan duten puntistei eskaini diete aurtengo Euskal Diasporaren Eguna.
Bertan izan dira zesta puntako kolektiboarekin eta herriko hainbat kultur eragilerekin batera Imanol Pradales lehendakaria, Ander Caballero Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globalerako idazkari nagusia eta Markina-Xemeingo Udaleko ordezkariak.
ÂÂÂÂÂVer esta publicación en InstagramÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂ
Iratxe Lasa Arana Markina-Xemeingo alkateak zabaldu du ekitaldia, eskerrak emateagaz batera: “Eskerrak ematea tokatzen zaigu munduan zehar euskal diasporetan euren erroei eutsi eta gure nortasuna, kultura, hizkuntza eta izaera gorde eta babesten jardun duten herritarrei. Gaur, hemen, Pilotaren Unibertsitate honetan, leku ezin egokiagoan, puntistak omenduko ditugu”.Â
Era berean, Lasak adierazi du ezin ahaztu daitekeela askok bestelako arrazoiengatik ihes egin zutela Euskal Herritik. Horiei ateak zabaldu zizkieten herrialde guztiei ere eskerrak emateko tartea hartzeagaz batera, orain laguntzea bertokoei egokitzen zaiela nabarmendu du: “Orain gurea da txanda. Guri dagokigu orain ateak zabaltzea goseteetatik, gerrateetatik, eskubideen urraketetatik eta genozidioetatik datozen herritarrei. Gu gara-eta orain beste herrialde askoren babesleku eta itxaropena”.
Pradalesek ere, pilotarien lana omentzeagaz hasi du ekitaldia: “Ziurrenik, gaur egun ez ginateke gai izango pilotarien lanak gure herriarentzat izan duen inpaktu ekonomikoa eta nazioarteko proiekzioa behar bezala kalkulatzeko. Eta ziur aski ez gara erabat jabetzen gure pilotariak Euskadiren izen onaren, gure nortasunaren eta kulturaren benetako enbaxadore izateak ekarri zuenaz, baita gure kanpoko irudirako unerik zailenetan ere”. Hala, puntistak “Euskadiren enbaxadore ezohiko” modura errekonozitu ditu: “Puntistok Euskadi Globala ehuntzen lagundu zenuten, horregatik eskaintzen dizuegu Diasporaren Egun hau”.
Lege berria. Ildo beretik, “Euskadiren eta bere diasporaren arteko harremanari bultzada” eman behar zaiola nabarmendu du lehendakariak. Horretarako, 1994an onartutako legea ordezkatuko duen lege berri bat onartzea espero dute 2026an: “Kanpoan dauden euskal herritarren etorkizuneko legeak eskubide eta zerbitzuen esparru berritu bat ezarriko du diasporarentzat”.
Pradalesek beharrezkotzat jo du “euskal komunitate globalak izandako aldaketak islatuko dituen eta diasporaren kontzeptua zabalduko duen esparru berri bat” sortzea. Hala, diasporarekin harremana sendotzeko asmoz, lege berriak “Affinity diaspora” kontzeptua txertatuko duela azaldu dute: “Horren bidez, Euskadirekin lotura kultural, emozional, digital edo politikoak dituztenen kidetasuna irekitzen da”. Gaineratu dutenez, lege berriak ahalbidetuko du laguntza eta informaziorako lehiatila bakarra egotea, parte hartze digitalerako tresna berriak edukitzea eta gobernantza organo ireki eta modernoagoak sortzea.
Kirol nahiz kultura arloko aurpegi ezagun ugari egon dira gaur [irailak 8] Uni frontoian, eta ekitaldia biribiltzeko dantza tradizionalak eta stand kulturalak egon dira; Zerutxu Dantza Taldea, Xemein Abesbatza eta Sant-Pierre eta Mikeluneko dantza taldeek parte hartu dute, besteren artean. Gainera, Euskal Diasporaren Egunari eskainitako mural bat ere margotu dute, Bekobenta kaleko 10. zenbakian.