Alde Zaharreko eta Kamiñaldeko matrikula irakurgailuak baloratzeko auzo batzarrak deitu ditu Ondarroako Udalak
Auzo batzarra irailaren 17an [eguaztena] egingo da, 18:00etan, Kofradia Zaharreko bigarren solairuan.
MAtrikula irakurgailua.Ondarroako Udala. Ondarroako Udalak Alde Zaharreko eta Kamiñaldeko matrikula irakurgailuaren balorazioa egiteko auzo batzarra deitu du. Bilera irailaren 17an [eguaztena] izango da, 18:00etan, Kofradia Zaharreko bigarren solairuan. Auzo batzarra auzotarren iritziak ezagutzeko eta balorazio orokorra egiteko erabiliko dela zehaztu du Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak: “Lehen datuak jaso eta urtebetera balorazio bat egiteko bizilagunekin elkartuko ginela esan genuen, eta horregatik antolatu dugu batzar hau, iritziak ezagutu eta denon artean balorazio bat egiteko”.
Auzotarrek eskatuta jarri zituen udalak matrikula irakurgailuak iazko martxoan Alde Zaharreko goiko kaleetan eta Kamiñalden, “ibilgailuen joan etorriek oinezkoen segurtasuna ezbaian jartzen zutelako”. Hori horrela, urrian lehen datuak argitaratu zituen eta joan etorriak %40 murriztu zirela jakinarazi zuen. Aurretiaz esan bezala, datuak kaleratu eta urtebetera lehen balorazioa egiteko konpromisoa hartu zuen udalak, eta horregatik deitu du auzo batzarra irailaren 17rako. “Helburu nagusiak bi ziren, eta momentuz, lortu dira: ibilgailuen joan etorriak murriztea eta horrela oinezkoen segurtasuna areagotzea. Proiektuak kontuan hartu beharreko neurriak ere auzotarrekin hartu ziren: abiadura, gehienezko denbora…”.
Hala, auzo batzarra proiektuari buruz hitz egiteko izango dela zehaztu du udalak, eta alkateak eta udaltzainburuak hartuko dute parte: “Iritziak elkarbanatu, hobetzekoak hobetu, eta bizilagunen ahotsa entzuteko bilera izango da”.