Eskaintza "anitzagaz" dator Musika Haizeak zikloaren seigarren aldia
Bihar [irailak 12] hasiko da zikloa, hiru organo jotzaileren inprobisazioak eta Nerea Ibarzabal eta Josune Aramendiren bertsoak elkartuko dituen kontzertu batekin. Urriaren 4an Maddi Txurruka eta Pablo Fdez. Arrieta igoko dira oholtzara, eta azaroaren 15ean, Ganbara Abesbatza.

Sei urteko ibilbidearen ostean, Markina-Xemein nahiz inguruko musikazaleen artean gero eta sustraituago dago Musika Haizeak zikloa. Aurtengoari bihar [irailak 12] emango diote hasiera, betiko formatuetatik apur bat aldenduz. Izan ere, Mikel Ansola zikloaren antolatzaileetako batek adierazi duenez, aurten “kontzertu ahalik eta anitzenak” ekarri dituzte.
Hala, ohikotik aldenduta, bihar [irailak 12] bertso eta organo inprobisazio kontzertua egongo da, 19:30ean, Xemeingo elizan. Etxeko bertsolariek kanpoko organo jotzaileekin egingo dute bat: Nerea Ibarzabal eta Josune Aramendi ariko dira bertsotan, eta Carlos Fernandez, Johannes Friederich eta Juraj Kremen, ostera, organoa jotzen. Bertsolaritza eta organoa uztartzen dituen kontzertuak egin izan badira ere, lehenengo aldia izango da modu horretara egiten dutena: “Euskal gaietan eta kantutegian oinarrituta egongo da. Organo eta bertso inprobisazioak egingo dira”. Punta-puntako musikari eta bertsolariak bertatik-bertara ikusi ezin dituztenek, ETB1-en Hitzetik Hortzera saioan ikusi ahalko dute aurrerago, grabatu egingo baitute.
Kanpoko artistak ez ezik, bertokoak ere ekartzen saiatzen dira antolatzaileak. Horren adibide dira Ibarzabal eta Aramendi, baina baita bigarren kontzertuko partaideak ere. Izan ere, urriaren 4an zikloaren antolatzaile den Maddi Txurruka eta Pablo Fdez. Arrieta igoko dira oholtzara. Tropeta eta gitarra elkartuko dituzte Arretxinagako ermitan: “Markina-Xemeingo espazio desberdinak erabiltzen saiatzen gara, eta horregatik egingo dugu hau Arretxinagan. Era berean, karaktek intimoagoa ere eman nahi diogu”.
Zikloagaz azaroaren 15ean amaituko dute, Oñatiko Ganbara Abesbatzaren kontzertuagaz. 19:30ean Karmengo elizan izango da kontzertua: “40 abeslari inguru dira, Aitor Biainek zuzenduta. In perpetuum izeneko progama eskainiko digute, errenazimenduan hasi eta gaur egungo konpositoreengana arteko errepertorio batekin”.
Euskal kantutegia zabalduz. Ansolak adierazi duenez, aurtengo zikloak badu berezitasun bat. Izan ere, bertoko organo jotzaileak ekarri beharrean kanpokoak ekarri dituzte euskal kantutegia zabaltzeko asmoz: “Carlos Fernandez galiziarra da, Johannes Friederich Munichen jaiotakoa eta Juraj Kremen eslovakiarra. Kanpoko organo jotzaileak ekarriz gure helburua izan da euskal kantutegi eta doinuak lantzea eurekin, gero atzerrira eroan ditzaten”. Hala, organo jotzaileek abestien letra guztiak euskaraz ez ezik, euran hizkuntzara itzulita ere badituzte, eta baita bertsolarien gaiak ere: “Zabalkunde lana ere egin nahi izan dugu. Guk hemengoa eskaintzeaz gain, kanpoko musikariek ere hemengoa euren herrietara eroan dezatela nahi dugu”.
Egitaraua.
- Irailak 12, barikua.
- 19:30. Bertso eta organo inprobisazio kontzertua, Xemeingo elizan. Bertsolariak: Nerea Ibarzabal eta Josune Aramendi. Organo jotzaileak: Carlos Fernandez, Johannes Friederich eta Juraj Kremen.
- Urriak 4.
- 19:30. Tronpeta eta gitarra kontzertua, Arretxinagako elizan. Maddi Txurruka tronpetagaz eta Pablo Fdez. Arrieta gitarragaz.
- Azaroak 15.
- 19:30. Ganbara Abesbatza, Karmengo elizan.