Etxebarritarrek gaztetxea "beharra" dela aldarrikatuko dute zapatuan
Hamar urte dira Etxebarriko gazte lokala itxi zenetik, eta ordutik, herriko gazteak elkartu eta antolatzeko espazio propiorik gabe daude. Halaber, gaztetxea behar dutela aldarrikatzeko, egun guztiko egitaraua antolatu dute zapaturako [irailak 13]. Besteren artean, gaztetxearen aldeko sinadurak bilduko dituzte.
Hamar urte dira Etxebarrian gazte lokala itxi zenetik, eta ordutik Etxebarriko gazteek ez dute elkartu, ekintzak antolatu, hausnartu, eztabaidatu nahiz beste hamaika egitasmo aurrera eroateko toki egokirik. Hala, gaztetxe bat eskatu zieten Etxebarriko Udalari, baina jasotako ezetzaren aurrean gazte asanbladako kideek argi adierazi dute ez doazela amore ematera. Hori dela eta, zapatuan [irailak 13] gaztetxearen aldeko eguna ospatuko dute: “Udalak emandako ezetzarekin ez gaude konforme, eta borrokan jarraituko dugu. Gaztetxea ez da kapritxoa, beharra da”.
Gaztiok martxan, gaztetxie faltan lelopean, egun guztiko egitaraun murgilduko dira. Pala txapelketagaz emango diete hasiera egunari; sei taldek parte hartuko dute. Jarraian, bazkaritarako elkartuko dira 65 lagun inguru, eta bazkalostean umorezko bakarrizketak egongo dira: Manex Astigarraga, Esti Curiel, Lander Varona eta Mirari Martiarena. Bazkarira ez doazenei ere, bakarrizketara nahiz gainontzeko ekintzetara bertaratzeko deia luzatu diete.
Arratsaldean, ostera, multikirolak egingo dituzte, besteren artean, padel surf, orientazio jolasak eta kuadrilen arteko jolasak. 20:30ean XX. urteurreneko dokumentala proiektatuko dute Plazabarrin, eta ostean, mahaingurua egingo dute gazte asanbladako eta gazte mugimenduko kide izan direnekin. Egunagaz amaitzeko, Ameba eta Lenbailen taldeen kontzertuak egongo dira, eta gauean akanpada egingo dute Plazabarrin.
Kronologia. Duela hamar urte gazte lokala itxi zenetik “adina, generoa edota pentsakera albo batera utzita” denak “elkarrekin egoteko joera” galtzen joan zela salatu dute Etxebarriko gazteek: “Herriak husten jarraitzen du gure begien aurrean”. Irtenbide bat aurkitu eta egoera aldatzeko asmoz, 2023an hasi ziren martxan: “Gazte Asanbladakook gure materiala gordetzeko lokalik ere ez geneukan orduan, herriko lokal desberdinetan banatuta zegoen dena, eta beraz, gure materiala erabili ahal izateko baimenak eskatzen egon behar ginen”.
Hala, alkateari arazoaren berri eman, eta udalak gazte lokala utzi zien biltegi moduan erabiltzeko, baina biltegi bat baino gehiago behar zutela ohartu ziren: “Denborak aurrera egin ahala, biltegi bat baino gehiago behar genuela ohartu ginen, gure ekintzak burutu, gure artean elkartu eta ideiak partekatzeko, elkar ezagutzeko eta gai desberdinen inguruan hausnartzeko espazio bat, asanbladarentzako espazio propio bat”.
Hari horretatik tiraka, gazte lokalean euren ekintzak egin ahal izateko baimena eskatu zieten udalari: “EAJ-ren erantzuna argia izan zen: ezetza. Lokal hori erabiltzeko obra garestiegiak egin behar direla esan ziguten, eta herrian beste lokalik ez zegoena. Gainera, etorkizun luze batean beteko diren proiektu utopikoen inguruan egin ziguten berba, gure beharrak asetzen ez dituzten proiektu hutsak”.

Santixau jaietan sinadurak bildu eta elkarretaratzea egin zuten.Etxebarriko Gazte Asanblada
Sinadura bilketa. Gazte asanbladako kideek adierazi dute gaztetxea ez dela gazteentzako leku bat soilik, “Etxebarrik herri mailan edukiko lukeen ekarpen bat” baizik. Salatu dute herriak bizirik iraun dezan beharrezkoa dutela gaztetxea eta herritarren babesa: “Gazteok herrian geratu eta Etxebarrik bizirauteko, gazteetatik gazteoi alternatibak eskaintzea eta herria erakargarria izatea ezinbestekoa begitatzen zaigu”.
Halaber, gaztetxearen alde martxan ipini, eta sinadurak biltzen hasi ziren Santixau jaietan. Ordutik 230 sinadura lortu dituzte; horietatik 143, herritarrenak. Adierazi dutenez, zapatuan [irailak 13] ere sinadurak biltzen egongo dira. Asanbladatik gogorarazi dute ez datozela inoren kontra, denen alde baizik: “Gure ondoren datozenak Etxebarrian ere ametsak betetzea posible dela eta denon artean lortu ahal dugula ikusi dezaten nahi dugu. Elkarrekin sortu nahi dugu etxebarritar denontzako espazio bat: irekia, askea eta bizia”.
Egitaraua.
- 11:00. Pala txapelketa.
- 14:30. Bazkaria.
- Ostean. Umorezko bakarrizketak.
- 18:00. Multikirolak.
- 20:30. XX. urteurreneko dokumentala eta mahaingurua.
- 21:30. Ameba eta Lenbailen.
- Gauean. Akanpada.