Ia 200 lagun, aurretiaz izena emanda
Domekan [irailak 14], XII. Ispasterko Mendi Martxa egingo dute, eta aurretiaz izena emateko epean 197 lagunek izena eman dute. Egunean bertan animatzen direnek ere parte hartzeko aukera edukiko dute.
Ispaster inguruko mendi, larre nahiz bazterrak mendizaleen zain daude. Domeka honetan [irailak 14], Ispasterko Mendi Martxaren XII. ekitaldia egingo dute, eta gogoratzeko modukoa izateko osagai guztiak ditu. Izan ere, aurretiaz izena emateko epean, ia 200 lagun animatu dira parte hartzera; zehazki 197 mendizale izan dira aurretiaz izena eman dutenak. Gainera, egunean bertan animatzen direnentzako tokia ere egongo dela aurreratu dute antolatzaileek; domekako izena emateko epea irteera orduak baino ordu erdi lehenagora bitartekoa izango da. Bestalde, aurretiaz izena emandakoak elastikoa jasoko dute opari, eta egunean bertan animatzen direnek, ostera, beste opari bat.
Urtero legez, mendiaren denetariko maitaleentzako plaza egoki askoa izango da Ispaster. Mendi martxa luzea egingo duten ibiltariak izango dira egitaraua abiatuko dutenak; 21 kilometroko ibilbidea edukiko dute aurrez aurre, eta 08:30ean hasiko dira oinez. Ordubete beranduago, 09:30ean, BTT martxako parte hartzaileen txanda izango da; horiek 31 kilometroko lanak edukiko dituzte. Azkenik, 10:00etan, ibilbide laburra hautatu duten mendizaleei tokatuko zaie irteera hartzea; 10,5 kilometroko bidea osatzea egokituko zaie.
Martxalariek, behin ibilbideak biribilduta, aukera edukiko dute herriko plazako helmuga eremuak hartuko duen jai aldarteaz gozatzeko, baita jan-edanaz ere. Hain zuzen, eskumuturreko bat jasoko dute; hura erakutsita, pintxo eta edari bana jaso ahalko dute.